Berriak
Atzealdea Ostiralean ekingo zaio Alegiako VII. Pilota Txapelketari
2016·06·14
Alegiako Pilota Txapelketaren zazpigarren ekitaldia hasiko da ostiralean Elorri pilotalekuan. Festen atarian jubenilen eta afizionatuen mailetan jokatzen den binakako txapelketa da eta finalerdiak eta finalak jokatzen dira. Puntako pilotariak ikusteko aukera izaten da, tartean Intxurre taldekoen presentziarekin. Ostiralean 22:00etan hasita bi partida jokatuko dira Elorri pilotalekuan. Lehenengo lehia jubenil mailakoa izango da eta Arandiak eta Etxeberriak Oiarbideren eta Zubeldiaren kontra jokatuko dute. Ondoren afizionatuen txanda izango da eta Eneko Labaka eta Aratz Irazustabarrena Peru Labakaren eta Garmendiaren aurka ariko dira. Partida horiek irabazten dituztenek uztailaren 15ean jokatuko dute finala, Alegiako jaietan. Finaletako aurkariak ekainaren 30ean jokatuko diren bigarren finalerdietatik aterako dira.
Bestelakoan, lau t’erdiko Gipuzkoako txapelketa finalerdietan da eta Aratz Irazustabarrena izango da Intxurreko ordezkari bakarra. Nagusien mailan Zazpi Iturriko Zubiria izango du aurkari finalaren atariko lehian. Mendebalde txapelketan berriz, kadeteen bigarren mailan, Intxurreko Urkirik Aloña Mendiko Sagastumeren aurka jokatuko du finalerdietan.
Artola kanporatua
Iñaki Artolak ezin izan zuen Aimar Olaizolaren aurka lau t’erdiko San Fermin torneoan. 22 eta 16 galdu zuen alegiarrak nahiz eta lehen zatian nagusi izan. 11 eta 4 aurretik izan zen Artola joko maila bikaina erakutsiz. Dena den, bigarren zatian goizuetarraren jokoak gora egin zuen eta Artolak ezin izan zion Olaizolaren joari eutsi.