Berriak

Atzealdea Ostiralean eta larunbatean egingo da Larraitz Ekialde eta hondakin bilketa sistemaren inguruko herri kontsulta

Ostiralean 9:00-13:00 eta 17:00-20:000 bitartean bozkatu ahal izango da eta larunbatean 9:00etatik 13:00era, udaletxean

2022·11·02


Azaroaren 4an eta 5ean, ostirala eta larunbata, egingo da Larraitz auzoko ekialdea eraberritzeko proposamena eta hondakin bilketa sistema aukeratzeko herri kontsulta. Bi kasuetan, bozketara eramango diren proposamenak herritarrekin eztabaidatu eta adostu dira azken hilabeteetan egindako parte hartze prozesu baten bidez. Horrenbestean, Larraitz auzoko ekialdea eraberritzearen kasuan, herritarrek hiru proposamenen artean aukeratu beharko dute. Proposamen bakoitzaren inguruko informazioa lotura honetan eta kaleko paneletan kontsultatu daiteke. Auzoan bizi diren herritarren bozkak %90eko balioa izango du eta gainontzeko herritarrenak %10ekoa.

Hondakin bilketa sistemaren inguruan, hiru sistemaren artean aukeratu beharko da. Proposamen bakoitzaren inguruko informazioa lotura honetan kontsultatu daiteke eta baita kaleko paneletan ere.

Botoa udaletxeko pleno aretoan eman beharko da eta ordutegia ondokoa izango da:

-Azaroak 4, ostirala: 9:00etatik 13:00era eta 17:00etatik 20:00etara.

-Azaroak 5, larunbata: 9:00etatik 13:00era.

18 urtetik gorako eta bozketaren unean Alegian erroldatutako herritarrek eman ahal izango dute botoa. Bozkatzeko ezinbestekoa izango da argazkidun dokumentu publiko batekin identifikatzea.

Udalak herritarrak kontsultan parte hartzera animatu nahi ditu. Udal gobernua osatzen duten bi taldeek emaitzak errespetatzeko eta gauzatzeko konpromisoa dutela adierazi zuten aurkezpenean.

Emaitzak larunbatean bertan argitaratuko ditu Udalak bere ohiko kanalen bidez.