Berriak
Atzealdea Ostiralean hasiko da denboraldia Intxurreko pilotarientzat
2016·09·12
Intxurreko pilotariek asteburuan jokatuko dituzte 2016-2017 denboraldiko lehen partidak. Gipuzkoako Ezker Horma txapelketa hasiko da ostiralean eta Intxurrek guztira bederatzi bikote izango ditu bertan. Horietatik zortzi eskuz binaka ariko dira gizonezkoetan eta bat gomazko paletan ariko da emakumezkoen nagusien lehen mailan. Eskuz ariko direnen artean, kadeteen, jubenilen eta nagusien lehen mailetan eta kadeteen hirugarrenean bikote bana ariko da eta nagusien hirugarren mailan hiru ordezkari izango dira.
Gauzak horrela, denboraldiko lehen jaialdia ikusteko aukera izango da ostiralean 18:45ean hasita Elorri pilotalekuan. Lau partida jokatuko dira. Lehen hirurak eskuz binakakoak izango dira. Kadeteen lehen mailan Intxurrek Bergara izango du aurkari. Jubeniletan, kasu honetan ere lehen mailan, Intxurre eta Zazpi Iturri neurtuko dira. Nagusien lehen mailan, Intxurrek Tartaloetxeren aurka jokatuko du. Azkenik, gomazko paletan nagusien lehen mailan, Aia izango da Intxurreren aurkaria.
Iñaki Artolari ebakuntza
Iñaki Artola pilotari profesional alegiarrari ebakuntza bat egin zioten atzo, astelehena, Gasteizen. Eskuineko ukondoan zuen kaltzifikazio arazo bat konpontzeko helburuarekin egin zioten ebakuntza eta Asegarce enpresak jakinarazi zuenez, guztia ondo atera zen. Ondo bidean, gaur bertan etxera itzultzeko moduan izango da Artola eta medikuen aurreikuspenen arabera, bi edo hiru hilabete beharko ditu kantxetara itzultzeko.