Berriak

Atzealdea Ostiralean highline erakustaldia eta ‘Peligro. No asomarse’ dokumentalaren proiekzioa izango dira

Proiekzioa 19:00etan izango da zinean dohainik eta zuzendaria eta protagonistak bertan izango dira herritarren galderak erantzuteko prest

2025·01·14


Neguko kultur egitarauaren barruan, urtarrilaren 17an highline erakustaldi bat eta ‘Peligro. No asomarse’ dokumentalaren proiekzioa izango dira Alegian. Highline erakustaldia 16:30ean izango da eliza aurreko plazan. Elizako kanpandorretik Orendaingo bide aldera egingo dute eta benetan ikusgarria izango da.

19:00etan ‘Peligro. No asomarse’ dokumentala eskainiko da zinean dohainik. Daniel Cascalesek zuzenduriko lana da Nerbioiko ur jauzian kokatzen da. Nerbioiko ur jauzia, 200 metro baino gehiagoko altuera duena, Iberiar penintsulako handiena da. Arroila izugarri bat, Nerbioi ibaiaren sorburutik urrats batera. Oso motibatuta dagoen highliner talde batek baimen baliotsu bat lortu du arroila alde batetik bestera lerro batekin lotzeko. 50 eta 300 metro arteko zintetan ibiltzera ohituta, lehen aldia dute ia kilometro bateko luzeran. Lagun giroa eta lan gogorra islatzen dituen istorio bat. Eta talde sendoa, Gipuzkoako eta Bizkaiko highline komunitateko kidez osatua.

Dokumental honek abenduan egin zen BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdian parte hartu zuen eta harrezkero, proiektatzen den lehen aldia izango da. Cascales bera eta protagonistak proiekzioan izango dira eta herritarren galderak erantzuteko prest izango dira.