Berriak
Atzealdea Otsailaren 26an Alegian saskibaloi talde bat osatzeko lehen bilera irekia egingo da
2019·02·20

Herritar talde baten borondatez, Alegian saskibaloi talde bat sortzeko ideia indarra hartzen ari da. Gero eta gehiago dira kirol hori praktikatzen duten gazte alegiarrak eta horren froga argia da herriko jaietan antolatzen den 3x3 saskibaloi txapelketa, urtetik urtera parte hartze zabalagoa duena.
Horrek indartuta, ekimenaren bultzatzaileek bi taldez osaturiko klub bat sortu nahi dute. Talde horietako bat emakumezkoena izango litzateke eta beste gizonezkoena, bi kasuetan 16 urtetik gorako partaideez osatuta. Modu horretara Alegian dagoen afizioa taldeetan jokatzera bideratu nahi da eta horrela, taldean parte hartzea erabakitzen dutenek, talde batean jokatzeko eta gutxieneko azpiegitura bat izateko aukera izango lukete.
Klub bat eratzeak pauso ugari ematea eskatzen du, taldeak osatzeaz gaindi. Horri guztiari buruz hitz egiteko bilera ireki baterako deialdia egiten da datorren otsailaren 26rako, asteartea, 19:00etan kultur etxean. Saskibaloirako afizioa duten 16 urtetik gorako herritar guztiei bertaratzeko deia egiten zaie eta aldi berean, klubaren eraketan edo bestelako lanetan esku bat botatzeko borondatea dutenak ere ongi etorriak izango dira.