Berriak
Atzealdea Palentziako Castilla Vieja abesbatzak maila handiko kontzertua eskaini zuen larunbateko Txintxarri Egunean
2016·10·17
Txintxarri Egunaren edizio berri bat ospatu zen iragan larunbatean. Ohi bezala, kontzertua izan zen eguneko ekitaldi nagusia eta aurten Palentziako Dueñas herriko Castilla Vieja abesbatza izan dute gonbidatu Txintxarrikoek. 1995ean sortutako abesbatza da eta Jose Maria Gomez Lasoren zuzendaritzapean Gaztelan jatorria duten abestiak eskaini zituzten nagusiki beraien emanaldian, hainbat kasutan musikaz lagunduta.
Palentziarrekin batera, Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek ere abestu zuten kontzertuan. Gaztetxoek hiru abesti eskaini zituzten emanaldia zabaltzeko, tartean doinu ezagunak izan zirelarik. Ondoren Txintxarrikoek hartu zuten lekukoa. Guztira bost abesti eskaini zituzten. Bi abesbatzak Garbiñe Orbegozok zuzendu zituen eta Mariaje Rekondo aritu zen pianoan. Kontzertuaren amaieran opariak elkartrukatu zituzten alegiarrek eta palentziarrek.
Behin kontzertua amaituta, abesbatzetako kideek elkarrekin afaldu zuten eta bertan hasi ziren alegiarrak Palentziara joateko bidaia antolatzen. Oraindik data zehatzik ez dago baina bisita itzultzeko gogotsu daude Txintxarrikoak.
Argazkia: Txuso Gomez