Berriak
Atzealdea Palentziako Castilla Vieja izango da larunbateko Txintxarri Eguneko abesbatza gonbidatua
2016·10·12
Txintxarri abesbatzak ospakizun eguna izango du larunbatekoa. Jada urteroko ohitura bihurtu den Txintxarri Egunaren ekitaldi berri bat ospatuko da eta 19:45ean elizan hasiko den kontzertua izango da eguneko ekitaldi nagusia. Aurtengoari begira, Txintxarrik beste abesbatza bat gonbidatu du kontzertu horretarako. Palentziako Dueñas herritik datorren Castilla Vieja abesbatza entzuteko aukera izango da larunbateko kontzertuan. 1995ean sortutako abesbatza da eta 40 lagunek osatzen dute. Gaur egun Jose Maria Gomez da bertako zuzendaria eta Espainian zehar hainbat lehiaketa eta topaketetan parte hartu izan dute. Portugalen ere kontzertuak eskainitako abesbatza da.
Txintxarri Txikik emango dio hasiera emanaldiari hiru abesti eskainiz. Maorien “Tutira Mai” izango da horietan lehena. Ondoren, 60. hamarkadan Erlak taldeak ezagun egin zuen “Harritxo bat bota nion” kantuaren moldaketa bat eskainiko dute eta “Dudabda” abesti austriarrarekin itxiko dute emanaldia.
Ondoren, helduen txanda izango da. Bost izango dira eskainiko dituzten abestiak. Horietatik hiru euskal kantutegikoak izango dira; Josu Elberdinen “Kantauri”, “Aldapeko sagarraren” herrikoia eta “Xalbadorren heriotzean” ezaguna. Beste bi abestiak “Tout les garçons et filles” frantziarra eta Leonard Cohenen “Hallelujah” izango dira. Gazteekin eta helduekin, Garbiñe Orbegozo izango da zuzendaria eta Mariaje Rekondo ariko da pianoan.
Azkenik, Castilla Viejaren txanda izango da. Zazpi abesti eskainiko dituzte. “Ave Maria”rekin hasiko dute emanaldia eta ondoren espainiar kantutegiko hainbat abesti eskainiko dituzte. Amaiera aldera, Mozarten “Lacrymosa” eta Ibon Casas donostiarraren “Apaga la luz y verás” entzun ahal izango dira.
Emanaldia borobiltzeko, Castilla Viejak eta Txintxarrik Haendelen “Canticorum iubilo” eta “Agur Jaunak” eskainiko dituzte. Lehen harreman horren ostean, alegiarrek aurrerago itzuliko diete bisita palentziarrei.