Berriak

Atzealdea Peio Etxeberria izango du aurkari Iñaki Artolak lau t’erdiko txapelketako final zortzirenetan

Alegiarrak urriko lehen asteburuan jokatuko du partida hori eta irabazten badu, final laurdenetako ligaxkan izango da

2019·09·26


Iñaki Artolak badaki noren aurka jokatuko duen lau t’erdiko pilota txapelketako final zortzirenetako partida. Urriko lehen asteburuan jokatuko den partidan Peio Etxeberria izango du aurkari eta partida horretako irabazleak final laurdenetako ligaxkan jokatzeko eskubidea izango du. Launa pilotariko bi multzo izango dira final laurdenetan. Iñaki Artolak bere partida irabazten badu B multzoan izango da egungo txapelduna den Ezkurdiarekin eta Bengoetxearekin batera. Laugarren ordezkaria Elezkanoren eta Lasoren arteko partidatik aterako da. Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak finalerdietan izango dira.

Intxurrekoak gaur eta bihar

Intxurrek ordezkaritza zabalagoa izango du asteburu honetatik aurrera Gipuzkoako pilota txapelketan. Orain arte lehian ziren gizonezkoen eskuz binakako zazpi bikoteei, gomazko paletan aritzen diren emakumezkoen lau bikote batuko zaizkie. Hiru jubenil mailan eta bat nagusien mailan.

Gaur eta bihar partidak izango dira Elorri pilotalekuan. Gaur 19:15ean gizonezkoen kadete mailako eskuz binakako partida bat jokatuko dut Intxurreko eta Oiarpeko bikoteek. Bihar 19:30ean gizonezkoen nagusien bigarren mailan Intxurre eta Intza neurtuko dira lehenik eta emakumezkoen gomzako paletan, jubenil mailan, Intxurreko bi bikote elkarren aurka ariko dira.

Bestetik, Aratz Irazustabarrenak Polque txapelketako finala jokatuko du bihar Iruñeko Labriten. Azken orduan deitu zioten txapelketa hori jokatzeko eta final laurdenak eta finalerdiak gaindituta, finalean izango da.