Berriak
Atzealdea Peio Etxeberriari irabazita, Laso izango da Artolaren lehen aurkaria lau t’erdiko txapelketako final laurdenetako ligaxkan
2019·10·09
Iñaki Artolak lau t’erdiko pilota txapelketako final laurdenetako ligaxka jokatuko du. Peio Etxeberriaren aurka 22 eta 20 irabazi zuen alegiarrak final zortzirenetan eta orain final laurdenetako ligaxka jokatuko du, Ezkurdiarekin, Bengoetxearekin eta Lasorekin batera. Partida ez zen ondo hasi Artolarentzat. 7 eta 1 atzetik hasi zen baina pixkanaka bere joa baliatu eta 9 eta 7 aurretik jartzea lortu zuen. 19 eta 14 ere aurreratu zen baina Etxeberriak azkenerarte estutu zuen eta nafarrari 20 tantora iristeak saria eman dio, Urrutikoetxeak ligaxkan utzi duen lekua hartuko duelako.
Hain zuzen ere, Elezkano kanporatu zuen Unai Lasoren aurkako partida jokatuko Artolak larunbat arratsaldean Altsasuko Burunda pilotalekuan. Beste partidan Ezkurdia eta Bengoetxea neurtuko dira. Lehen jardunaldiko bi irabazleak elkarren aurka ariko dira bigarren jardunaldian.
Intxurrekoak ostiralean
Gipuzkoako txapelketako hiru partida jokatuko dira ostiralean 19:00etan hasita Elorri pilotalekuan. Hirurak gizonezkoen eskuz binakakoak izango dira, kadeteen eta nagusien mailetan. Kadeteen bigarren mailan Goierri izango da Intxurreren aurkaria. Lehen mailan Intxurreko eta Lazkaoko bikoteak neurtuko dira eta nagusien ohorezko mailan, Intxurrek Soraluzeren aurka jokatuko du.