Berriak

'Piztiaren begiak' eleberria aztertuko du Alegiako Irakurle Taldeak martxoaren 12an

Amaia Goikoetxeak dinamizatuko duen saioa liburutegian izango da 18:00etan

2020·02·14


Alegiako Irakurle Taldeak lehen saioa egingo du datorren martxoaren 12an, osteguna. Alberto Ladron Aranaren Piztiaren begiak eleberria aztertuko da 18:00etatik aurrera. 2012an argitaratu zuen idazle iruñarrak liburu hori eta mendekua eta krimena lantzen dituen nobela beltza da. Kartzelan urteak pasatu eta gero, iraganeko zorrak garbitu nahi dituen gizasemea, batetik; negozio ilunak tarteko postutik baztertu zuten eta bere bizkarra zaindu behar polizia, bestetik. Ehiztari sena dute biek, eta bata bestea harrapatu nahian dihardute, eginahal guztian. Erdian, berriz, nora ezean dabilen koitadu bat, duela urte batzuk bere familia ezbehar batean galdu zuena, eta orain familia berri bat osatu nahi lukeena.

Irakurle taldearen lehen saio horretara joan nahi duten guztiek, baldintza bakarra bete behar dute. Bertan aztertuko den liburua irakurrita joan behar da, saioaren ardatza berau izango delako. Bigarren saio baterako hitzordua ere jarria dute taldekoek. Maiatzaren 21ean Amets Arzallusen Miñan liburua aztertuko dute.