Berriak
Atzealdea Regina Sorarrain Lasa da Alegiako alkate berria
2023·06·17

Gaur eguerdian egin da Alegiako Udal gobernu berria eratzeko ekitaldia. Bertan, maiatzaren 28ko Udal Hauteskundeek utzitako emaitzei lotuta, Aurrera Alegiako bost zinegotzik eta Euskal Herria Bilduko lauk hartu dute kargua. Aurrera Alegiako zerrendaburu zen Regina Sorarrain Lasaren alkatetzarako hautagaitzak aldeko bost boto lortu ditu bozketan eta EH Bilduko Edurne Arrayetenak lau. Horrenbestean, Regina Sorarrain Lasa izango da Alegiako alkate gaur abian jarri den legealdian.
Azken lau urteetan alkate karguan egon den Arantxa Irazusta Etxeberriaren eskutik jaso du erreleboa Sorarrainek eta berarekin batera, Andrea Larrañaga, Maria Jesus Gaztañaga, Xabier Zabala eta Maialen Landart izango dira Aurrera Alegiako zinegotziak Udalean. EH Bilduren aldetik berriz, Edurne Arrayet, Alex Goikoetxea, Asier Ezeiza eta Amaia Jimenez izango dira zinegotzi.
Regina Sorarrainek eskerrak eman nahi izan dizkie bere taldekideei aurreko lau urteetan eta orain ere berarengan jarri duten konfiantzagatik. Herritarrei ere eskerrak ematearekin batera, jaso duten ardura erantzukizunez, umiltasunez, ilusioz eta lanerako gogoz hartzen dutela adierazi du. Denentzat alkatea izatea du helburu eta herriak dituen erronka handiak, hautesle guztiek elkarrekin aurrera eramatea dute jomuga. Emakumeenganako aldarria ere egin nahi izan du, “gu gaur hemen baldin bagaude, aurrekoek beraien ametsak albo batera utzi zituztelako delako, gureak bete ahal izateko”.
Alegiako Udaleko pleno aretoan jende dezente elkartu da kargu hartze ekitaldia bertatik bertara jarraitzeko.