Berriak

Atzealdea Saharako errefuxiatuen kanpamentuetarako elikagai bilketa egingo da urtarrilaren 21etik 30era bitartean Alegian

Alegiako Herri Eskolan, Aralar institutuan eta Udaleko gizarte zerbitzuetan utzi ahal izango dira produktuak

2020·01·15


Tolosaldea Sahararekin elkarteak antolatuta Saharara bidaltzeko elikagai bilketa bat egingo da eskualde mailan datozen egunetan. Urtero gauzatzen den ekimena da eta Alegian urtarrilaren 21etik 30era bitartean egingo da, astelehenetik ostiralera. Ohi bezala, herritarrek elikagaiak utzi ahal izateko puntu ezberdinak izango dituzte herrian zehar. Batetik, Alegiako bi ikastetxeetan utzi ahal izango dira elikagaiak.Alegiak Herri Eskolak eta Aralar institutuak ateak zabalik izango dituzte eskola ordutegian eta bilketarako identifikatutako puntuak izango dituzte. Horrekin batera, Alegiako Udaleko gizarte zerbitzuetako bulegoan ere utzi ahal izango dira, udaletxeko eraikineko beheko solairuan, astearte, astezken eta ostegunetan 9:00etatik 13:00erako ordutegian.

Lekaleak, hegaluzea eta sardinak oliotan, pasta, arroza, azukrea, olioa, konpresak, haur eta helduentzako pixoihalak eta eskola materialak izango dira bilduko diren produktuak.

Alegiako Udalak herritarrak ekimen horretan parte hartzera animatu nahi ditu eta aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkie.