Berriak
Atzealdea Saharako errefuxiatuen kanpamentuetarako elikagai bilketa egingo da urtarrilaren 31tik otsailaren 4ra bitartean Alegian
2022·01·25
Tolosaldea Sahararekin elkarteak antolatuta Saharara bidaltzeko elikagai bilketa bat egingo da eskualde mailan datozen egunetan. Aurreko urteetan pandemiak baldintzatu du bilketa baina aurten normaltasunera bueltatzeko modua izan dute eta horrenbestean, urtarrilaren 31tik otsailaren 4ra, herritarrek elikagaiak utzi ahal izateko puntu ezberdinak izango dituzte herrian zehar. Batetik, Alegiako bi ikastetxeetan utzi ahal izango dira elikagaiak. Alegiako Herri Eskolak eta Aralar institutuak ateak zabalik izango dituzte eskola ordutegian eta bilketarako identifikatutako puntuak izango dituzte. Horrekin batera, Alegiako Udaleko gizarte zerbitzuetako bulegoan ere utzi ahal izango dira, udaletxeko eraikineko beheko solairuan, astelehenetik ostegunera 9:00etatik 13:00erako ordutegian.
Lekaleak, hegaluzea eta sardinak oliotan, pasta, arroza, azukrea, olioa, konpresak, haur eta helduentzako pixoihalak eta eskola materialak izango dira bilduko diren produktuak.
Alegiako Udalak herritarrak ekimen horretan parte hartzera animatu nahi ditu eta aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkie.