Berriak

Atzealdea San Juan kaleko egungo egoeraren azterketa egin ahal izango dute bertako bizilagunek hilaren 27ra bitartean

Etxean jaso duten galdetegia erantzunez eman ahal izango dute iritzia herritarrek

2017·01·19


Alegiako Udalak abian duen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak urrats berri bat emango du datozen asteetan. Oraingoan San Juan kalearen egoeraren inguruko azterketa egingo dute Udaleko zerbitzu teknikoek eta horretarako lan tresna nagusia, San Juan kaleko etxebizitza guztietan banatu den galdetegi bat izango da. Bertan, San Juan kaleko bizilagunek askotariko galderak erantzun beharko dituzte. Hala nola, oinezkoen eta ibilgailuen lehentasunari buruzkoak, behe solairuei eman beharreko erabileraren ingurukoak, erosketa ohiturei buruzkoak, segurtasuna, espazio publikoak…

Etxebizitza bakoitzean galdetegi bat banatuko da hasiera batean, baina kaleko bizilagunek galdetegi gehiago eskura izango dituzte udaletxean, beraien iritziak helarazi ahal izateko. Urtarrilaren 27ra bitartean jasoko dira galdetegiak eta herritarrek bide ezberdinak izango dituzte galdetegi horiek udaletxera helarazteko. Alde batetik, etxean erantzundako galdetegi horiek botatzeko bi postontzi izango dituzte eskura herritarrek. Horietako bat udaletxeko sarrera nagusiko atean dagoen postontzia izango da eta bestea Kalebeheran jarriko da, San Juan kaleko 8 zenbakiaren inguruan. Bestetik, webgune honen lehen orrian galdetegia deskargatu, erantzun eta komunikazioa@alegia.eus helbidera bidali ahal izango da.

Behin galdetegiak jasota, emaitzen azterketa egingo da galdetegi horietan jasotzen diren emaitzetatik ateratako ondorioen berri emango zaie herritarrei.