Berriak
2017·06·05
Urtarrilean San Juan kalean eta Bideberrietan egin zen galdeketaren emaitzak aztertu ostean, Alegiako Udala hasi da bizilagunek eskatutakoei erantzuna ematen. Azken egunetan San Juan kalean ibilgailuen joan-etorria mugatzen duen pibote sisteman hainbat egokitzapen egin dira eta txartel bidez funtzionatuko duen sistema berria ekainaren 19an jarriko da martxan. Beraz, datozen asteetan erabiltzaileek mandoak entregatu eta txartelak jaso beharko dituzte, jarraian azaltzen den moduan.
Orain arte mandoak izan dituzten erabiltzaileek gutun bat jasoko dute etxean txartel berriak jasotzeko epeari eta ordutegiari buruzko informazioarekin. Epe hori gaur, ekainak 5, zabaldu da eta ekainaren 16an, ostirala, itxiko da. Erabiltzaileek udaletxera joan beharko dute epe horretan 9:00etatik 14:00etara bitarteko ordutegian. Orain arte erabiltzaile izan ez direnek eta txartela nahi dutenek ere data horietan joan beharko dute Udalera eskaera egitera. Hori bai, txartela eduki ahal izateko ezinbesteko baldintza bat bete beharko da: San Juan kalean bizilekua izatea. Orain arte mandoa izan dutenek eta erabiltzaile berri izan nahi dutenek 30 euro ordaindu beharko dute txartela hartzerako unean.
Sistema berriarekin, erabiltzaileek, txartela piboteen ondoan jarri diren irakurgailu berrietara hurbildu beharko dute eta modu horretan jaitsiko da pibotea, bidea irekiz. Hori bai, orain arte bezala, astelehenetik larunbatera, goizez piboteak irekita egongo dira San Juan kaleko sarrera eta irteera librea izanez. Goizeko 8:30etik 13:30ra izango da ordutegi hori.
Norantzei dagokienean, orain arte bezala funtzionatuko da aldaketa txiki batekin. Kalebeheran, San Juan kaleko 21. zenbakitik behera bizi diren erabiltzaileek parkeko pibotetik sartu eta atera beharko dute. Puntu horretan bi txartel irakurgailu jarri dira sartzeko eta ateratzeko norantzetan. Neurri hori Tontokale inguruan trafikoa murrizteko helburuarekin hartu da.
Herritarrei arauak betetzeko deialdia egiten zaie Udaletik. Azken hilabeteetan hainbatek kalean aparkatu izan du autoa eta horrek bizilagunei trabak eragin dizkie. Sistema berria martxan jartzean, Udalak bere eskura dituen baliabideak erabiliko ditu arauak behar bezala betetzen ez dituztenak zigortzeko.