Berriak
Atzealdea San Silbestre krosean izena emateko epea zabalik izango da abenduaren 23ra bitartean kultur etxean
2016·11·30
Alegiako San Silbestre krosak zazpigarren ekitaldia beteko du datorren abenduaren 31n. Urtero bezala, lasterketaren antolaketaz arduratzen den bolondres taldeak hasi da xehetasunak ezagutarazten eta izena emateko epea zabalik dagoela jakinarazi dute. Lasterketan parte hartu nahi dutenek kultur etxean eman dezakete izena abenduaren 23ra, ostirala, bitartean. Hamasei urtetik gorako parte hartzaileek hiru euro ordaindu beharko dute izena emateko epe horretan zehar. Dena den, lasterketaren egunean ere, 14.30etik 15:30era, izango da izena emateko epea; hori bai, egun horretan bost euro ordaindu beharko da. 6 eta 16 urte bitartekoek eskolan emango dute izena dohainik.
Ohi bezala, gaztetxoenentzat eta helduentzat izango dira lasterketak urteko azken egunean. Gaztetxoenek distantzia laburragoak izango dituzte eta lasterketa nagusian, bi maila bereiziko dira. Alde batetik, infantilak eta kadeteak izango dira. Horiek zirkuituari itzuli bat eman beharko diote, 2225 metro. Gainontzekoek aldiz, bi itzuli izango dituzte, 4450 metroko lasterketa osatuz. Urtero bezala, sariak eta zozketak izango dira eta merienda ere banatuko da. Mozorro onenak ere saria izango du eta beraz, antolakuntzatik dei egiten zaie parte hartzaileei mozorrotuta parte hartzera.