Berriak

Atzealdea Sare sozialen eta bideo jokoen inguruko hitzaldi bat eskainiko da maiatzaren 15ean kultur etxean

Iturri Zahar guraso elkarteak antolatu du eta euskaraz zein gazteleraz eskainiko da 18:00etatik aurrera

2019·05·10


Iturri Zahar guraso elkarteak sare sozialen eta bideo jokoen inguruko hitzaldi bat antolatu du datorren maiatzaren 15erako, asteazkena. 18:00etan izango da kultur etxean eta eta gaiak gaur egun duen garrantzia kontuan hartuta, antolatzaileek euskaraz eta gazteleraz antolatu dute hitzaldia. Biak ordu berean izango dira, euskaraz areto nagusian eta gazteleraz beste gela batean.

Informazio eta komunikazio teknologiek eragin handia dute eta horien barruan, sare sozialen pisua nabarmentzekoa eta aldi berean, kudeatzeko zaila da. Haurren eta nerabeen kasuan bereziki konplexua da garapen eta ahalduntze prozesuan daudelako eta teknologia horien erabilera desegokiak ez du komunikazio zuzena eta emozioen kudeaketa errazten. Gero eta gazteago hasten gara eduki digitalak kontsumitzen, barneratzen dena era kritiko batean baloratzeko gaitasunik gabe eta horrek gizartean bizi ditugun arazoak eta gatazkak handiagotzea ekarri du.

Bideo jokoei dagokienean, gehiegizko erabilera, eduki desegokiak eta genero ikuspegia dela eta, ondorio ez osasuntsuak atzeman dira. Azken urteetan zabaldu diren youtuber gamerrek modan jartzen dituzten bideo joko asko ez dira haur eta gazte guztientzat aproposak.

Gaien garrantzia eta berauek gurasoekin elkarbanatzeak duen garrantzia kontuan izanda antolatu da hitzaldia. Aipatu gailu eta teknologien erabileraren inguruko informazioa emango da eta gazteek baliabide hauei ematen dieten erabileraren inguruan hausnarketa egingo da.

Iturri Zahar guraso elkarteak hitzaldian parte hartzera gonbidatzen ditu gurasoak.