Berriak
Atzealdea Sari banaketa ekitaldiarekin borobildu zen I. Alegiako Argazki Rallya
2016·10·30
Irailaren 25ean hasi zen I. Alegiako Argazki Rallya iragan ostiralean, urriak 28, amaitu zela esan liteke. Izan ere, egun horretan egin zen lehen ekitaldi hori modu ofizialean ixten zuen sari banaketa ekitaldia. Antolakuntzak bere denbora hartu du lehiaketan aurkeztutako argazkiak aztertzeko eta baloratzeko eta ostiralean eman zuten hartutako erabakien berri. Alegiako zinean egin zen ekitaldian izan ziren parte hartzaileak ere eta bertan jakin zuten beraien argazkiek saririk ba ote zuten edo ez.
Bi mailetan banatuta aritu ziren parte hartzaileak irailaren 25ean. Bada, gazte mailan, Garazi Belokirentzat izan zen bildumarik onenaren saria. Oneka Artolak jaso zuen argazkirik onenari zegokiona eta Kattalin Leorentzat izan zen alegiar batek egindako argazkirik onenaren saria. Helduen mailan berriz, bildumarik onena bezala Ane Balerdirena izendatu zuten, alegiar baten argazkirik onena Patxi Renobalesentzat izan zen eta argazkirik onenaren saria, Josu Tebar donostiarrari eman zioten. Dena den, saria jaso ahal izateko, antolakuntzak ezarritako baldintzetako bat zen sari banaketa ekitaldira joatea. Tebar ez zen bertan izan eta ondorioz, Txarli Gesteirari eman zaio sari hori.
Gauzak horrela, antolakuntzak eskerrak eman nahi dizkie rallyan parte hartu duten eta sari banaketa ekitaldira hurbildu ziren guztiei. Alegiako Argazkizaleen Taldea 2017ko ekitaldiari begira jarri da jada eta urte horretan zehar antolatu nahi dituzten bestelako ikastaroak prestatzen ere hasiak dira. Xehetasunak zehazten joan ahala, jakinaraziko dituzte.