Berriak

Sei ekitaldiz osaturiko egitarau kulturala eskainiko da martxoan zehar

Martxoaren 5ean Bizilabe tailerrarekin hasi eta 23an Maite Francoren ipuin kontaketarekin amaituko da

2021·02·23


Alegiako Kultura batzordeak ahal den neurrian eskaintza kulturalari eusteko konpromisoarekin jarraitzen du. Gauzak horrela, martxoan zehar eskainiko den kultur egitarau baten berri eman du. Guztira sei ekitaldi izango dira, adin guztietako herritarrei zuzenduak: antzerkia, hitzaldiak, ipuin kontaketak…

Martxoaren 5ean Elhuyar fundazioak eskainitako Bizilabe tailerrarekin hasiko da egitaraua. Plazan egingo den saioan, parte hartzaileek zientziarekin eta teknologiarekin loturiko jarduerak egin ahal izango dituzte. Martxoaren 6an, larunbata, Intujai antzerki taldearen 'AMA-ALU-LUR. Sorgin baten ametsa' antzezlana ikusi ahal izango da zinean 19:00etatik aurrera. Emanaldi horretarako sarrerak martxoaren 1etik 5era bitartean erosi ahal izango dira kultur etxean, 18:30etik 20:30era, 8 euroko prezioan.

Martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Eztanda talde feministak ‘Pasa zaitez alde morera’ lemapean 19:00etarako plazan deitu duen kontzentrazio deialdiarekin bat egingo du Udalak. Hilaren 11n, osteguna, irakurle taldeak 2021eko lehen saioa egingo du. Amaia Goikoetxeak dinamizaturiko saioan, Maddi Ane Txoperenaren ‘Ene baitan bizi da’ eleberria aztertuko dute 18:00etatik aurrera kultur etxean.

Martxoaren 18an Baikara taldearen eskutik hitzaldi bat eskainiko da kultur etxean. ‘Emozioen identifikazioa, ulermen eta kudeaketa’ izenburutzat duen saioa 18:30ean hasiko da kultur etxean. Egitarauari haurrentzako saio batekin emango zaio amaiera. Martxoaren 23an, asteartea, Maite Francoren ipuin kontaketa bat izango da kultur etxean 17:00etatik aurrera, 4 eta 7 urte bitarteko haurrentzat. Saio horretara joan nahi dutenek 16:45erako kultur etxeko sarreran egon beharko dute, segurtasun neurri guztiak bermatzeko.

Jarraian dituzue ekitaldiak zerrendatuta.

Martxoak 5, ostirala

BIZILABE tailerra (10 eta 14 urte bitarteko nerabeentzat).

Elhuyar fundazioaren eskutik.

16:30ean plazan.

 

Martxoak 6, larunbata

Antzerkia: ‘AMA-ALU-LUR. Sorgin baten ametsa’.

Intujai antzerki taldea.

19:00etan Elizpe zinean.

Martxoak 8, astelehena

Emakumeen Nazioarteko Eguna.

Kontzentrazioa ‘Pasa zaitez alde morera’ lemapean.

19:00etan plazan.

 

Martxoak 11, osteguna

Irakurle taldea.

‘Ene baitan bizi da’. Maddi Ane Txoperena.

Amaia Goikoetxeak gidatuta.

18:00etan kultur etxean.

 

Martxoak 18, osteguna

Hitzaldia: Emozioen identifikazioa, ulermen eta kudeaketa.

Baikara taldea.

18:30ean kultur etxean.

 

Martxoak 23, asteartea

Ipuin kontaketa: Maite Franco.

4 eta 7 urte bitarteko haurrentzat.