Berriak

Tapoiak biltzeko ekimena Gipuzkoa osotik ekarpenak jasotzen ari da arrakasta handiz

San Juan kaleko 64an jarri den bilketa puntu berrian tapoiak barrura sartzeko eskatzen da, poltsak kanpoan utzi gabe

2021·01·18


2016ko otsailean ekin zitzaion Alegian tapoi bilketa solidarioari. Gaixotasun arraroak dituzten haurrek tratamenduak jaso ahal izateko baliabide ekonomikoak ahalbidetzea da ekimenaren helburua. Plastikozko tapoiak bildu eta trukean jasotzen den dirua gaixo horien bizi kalitatea ahal den neurrian hobetzera bideratzen da.

Maite Davila herritarraren ekimenez jarri zen martxan Alegiako bilketa. Herritarrek tapoiak utzi ahal izateko puntu bat jarri zen kultur etxean eta horrela funtzionatu izan da 2020ko martxoan pandemiak bete-betean jo gintuen arte. Kultur etxea itxi egin zen osasun krisialdiari aurre egiteko neurri modura eta horrenbestean, bilketa modu hori etenda geratu zen.

Dena den, herritarrek tapoiak pilatzen jarraitu zuten eta Maite Davilak bere kargu hartu zuen bilketa hori. Hasiera batean bere garajean biltzen zituen baina jasotzen zuen tapoi kopurua ikusita, herrian bilketa puntu bat jarri da, donazio pribatu bati esker. Bihotz formako edukiontzi bat kokatu da San Juan kaleko 64 zenbakiko atarian, erretore etxearen inguruan. Horrela, herritarrek edozein unetan bota ditzakete tapoiak.

Ekimena sekulako erantzuna ari da jasotzen. Gipuzkoako herri askotatik ari dira tapoiak ekartzen eta jada hainbatetan hustu behar izan da bihotza, tapoi gehiago bildu ahal izateko. Erantzun horrekin oso eskertuta agertu dira ekimenaren sustatzaileak eta jendearen eskuzabaltasuna eta elkartasuna eskertzearekin batera, funtzionamendua hobetu dezakeen ohar bat ere luzatu nahi izan dute. Tapoiak zuzenean bihotzera botatzeko deia egiten zaie herritarrei. Orain arte poltsetan bildu eta entregatu egiten ziren. Bada, orain zuzenean bihotzean sartzeko eskatzen da. Praktikotasuna irabaztearekin batera, bizi dugun osasun krisialdiaren aurrean higiene neurriak errespetatzea lortuko da, poltsak eskuz esku ibiltzea ekidinez.

Horrekin batera, tapoi mota guztiek ez dutela balio ere gogorarazi nahi da. Elikadura, higiene, haur, garbiketa, eskola eta bulego materialeko tapoiek balio dute nagusiki. Eta tapoiak ontzirik gabe bota behar direla gogorarazi nahi da, hainbat poltsetan denetik topatu delako.

Herritarrak bilketarekin jarraitzera animatu nahi dituzte ekimenaren bultzatzaileek, orain arte jasotako erantzuna eskertuz.