Berriak
Atzealdea Tokiko 2030 Agenda Plana definitzeko saio bat egingo da herriko eragileekin azaroaren 14an 18:15ean kultur etxean
2024·10·25
Alegiako Udalak Tokiko 2030 Agenda Plana definitzeko prozesua jarri du martxan. 2030 Agenda Nazio Batuek 2015. urtean onartu zuten mundu mailako agenda da, non planetaren ingurumen-, gizarte- eta ekonomia erronkei erantzun integrala emateko Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) planteatzen diren, eta munduko herrialde, eskualde, udalerri, eta erakunde desberdinei ekintzarako deia egiten dien. Euskal testuinguruan, eta zehazki tokiko mailan, Tokiko 2030 Agenda Planak udalerrien jasangarritasun politikak gidatzeko tresna bihurtu dira toki askotan, datozen urteetan Udalek aurrera eramango dituzten politika, proiektu eta ekimenak definituko dituen ekintza-plan gisa. Alegiako kasuan ere horrela izango da, horretarako, udalerriaren inguruko diagnostikoa burutu eta ondoren, datozen urteetako lan-ildoak definituko dituen ekintza-plana osatuko da datozen hilabeteetan.
Orain, diagnostiko prozesuaren baitan murgilduta dago Udala, zehazki, Alegiako erronkak, beharrak, aukerak etab. identifikatzen. Prozesu honen baitan udal barnean egiten ari den azterketaz gain, udalerriaren errealitatearen parte zareten eragileekin ere egin nahi da lanketa.
Horretarako, alde batetik, ondorengo estekan aurkituko duzuen galdetegia prestatu da, herritar orori zabalik dagoena eta zuen sareetan elkarbanatzera gonbidatzen zaituzteguna, ahalik eta pertsona gehiengoarengana iristeko: https://forms.gle/Qmbc4FENEMLv6pBr8 . Esan bezala, galdetegi honen helburua, udalerriko erronkak identifikatu eta lehentasunak definitzea izango da.
Bestalde, galdetegiaren eta barne prozesuaren emaitzak aztertu ondoren, herriko eragileekin saio parte-hartzaile bat ere burutzea proposatzen dizuegu, azaroaren 14an, osteguna, 18:15ean Alegiako kultur etxean. Eragileez gain, herritar ororentzat irekia izango den saioa izango da. Helburua identifikatu diren erronkak partekatu eta balidatzea eta hauei erantzungo dieten ideiak sortzea izango da, prozesuaren baitan definituko den Ekintza Plana elikatuko duena.
Udaletik eragileak eta herritarrak prozesuan eta saioan parte hartzera animatu nahi dira.