Berriak
Atzealdea Tolosaldea Garatzenek gizarte bonuen inguruko kanpaina abiarazi du
2024·01·11
Jakina da azken urteetan elektrizitateari eta gasari lotutako fakturek izandako gorakada eta horrek kalteberak diren sektoreetan eragin dituen arazoak. Halako egoerei aurre egiten laguntzeko asmoz, Tolosaldea Garatzenek energia-bulegoa abiarazi zuen duela urte bete. Tolosaldea eskualdeko energia-bulegoaren helburuen artean dago kultura energetiko berri bat herritarren artean zabaltzea eta horretarako beharrezkoa da lehenik eta behin herritarrak ondo informatuta egotea eta informazio hori ahalik eta gardenena izatea. Herritarra ondo informatuta egotea ezinbesteko urratsa baita ondoren erabaki egokiak hartu ahal izateko.
Ildo honetan, Tolosaldea Garatzenek beharrezkoa ikusi du familia zaurgarrienei zuzendutako kanpaina bat abiaraztea eta kanpaina horretan energia-gastuei aurre egiteko bonu sozialaren berri ematea. Izan ere Kanpaina honen bidez bonu elektrikoari eta bonu termikoari buruzko informazioa zabalduko du eskualdeko garapen agentziak eta horretarako honako baliabideak erabiliko ditu:
-Eskualdeko 28 herrietan, toki estrategikoetan (gizarte-zerbitzuak, etab.) kartelak eta triptikoak banatzea, herritarrek informazio garrantzitsuena paperean eskura dezaten.
-Energia-bulegoaren web-orrian informazio guztia eskegitzea (karteletan eta triptikoetan agertzen den informazioa zabaltzeko aukera bertan eskura jarriaz).
Edonola ere, euskarri horietan agertzen den informazioaren inguruko zalantzak dituzten herritarrei edo etxean energia aurrezteko, eraginkortasun handitzeko eta energia berriztagarrien alde egiteko bidean aurrerapausoak ematen jarraitu nahi duen orori energia-bulegoaren web-orria bisitatzeko gonbitea luzatu nahi diegu, lotura honetan.