Berriak
Atzealdea Tolosaldean karbono baxuko eredu energetikoa ezartzeko Energia Plana osatu dute Tolosaldea Garatzenek eta Udalek
2021·06·18
Energia jasangarritasunaren alorrean garrantzia handia hartu dute tokiko politikek azkenaldian. ‘European Green Deal, Next Generation’ agiriak biltzen ditu Europako politika orokorrak, eta horiekin lerrotu dira gainerako politikak, maila guztietan.
Gipuzkoan, estrategia hori zabaltzeko helburuarekin, hitzarmena sinatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Tolosaldea Garatzenek, joan den apirilean.
Tokiko Energia Planaren garapena da akordioaren oinarrietako bat, baita abiapuntu nagusia ere, hor jasotzen baitira eskualdean karbono baxuko energia eredu jasangarriago baterantz trantsizioa egiteko zortzi lan-ildo nagusiak: Planaren garapena bera, energia-gaien koordinazioa eskualde mailan, udal-politikak, eragileekin burutu beharreko ekintza zehatzak, energiari eta iraunkortasunari lotutako garapen ekonomikoa, informazioa, sentsibilizazioa eta prestakuntza.
Erronkak identifikatuz
Aurrez, eskualdeko energia-egoeraren eta beharren diagnosia egin zen eragile ugariren parte hartzearekin. Hiru kolektiborengan jarri zen azpimarra horretarako: udal eta erakunde publikoak, enpresa txiki eta ertainak, eta, azkenik, herritarrak.
Diagnosiaren ondorioetatik abiatuz, egoera hori iraultzeko datozen lau urteotarako ekintza plana jasotzen du Energia Planak, helburuko kolektiboaren, garrantziaren eta martxan jartzeko urtearen arabera sailkatuta.
Administrazioa
Tolosaldeak duen udal kopuruagatik, beste eskualde batzuetan ez bezala, Tolosaldeko Energia Planean gakoa da udalei euren tokiko energia estrategian aholkularitza eta bitartekaritza eskaintzea, betiere eskualde ikuspegia bermatuz.
Udaletan energia berriztagarri eta autohornikuntza proiektuak gauzatzea izango da helburu nagusienetako bat. Horretarako, 4/2019 legearen kunplimenduari buruzko asistentzia teknikoa, formazioa eta diru-laguntza eskaeren antolamendua sustatuko dira. Udalen kontsumoaren ikuspegi orokorra izateko kudeaketa erreminta garatzeko aukera ere eskuartean da, datorren urtera begira. Energiari lotutako fiskalitatea ere ezinbesteko gaitzat jotzen du planak.
Aurrerago, eraikuntza berriak eta zaharren birgaitzeak izango dituzte jomuga, jasangarritasun neurriak bultzatzek udal politikak bultzatuz. Horretarako, udal eraikinen baliabideak eta eskaintzen dituzten aukerak aztertu nahi dira.
Enpresa txiki eta ertainak
Eskualdeko ehun ekonomiaren trantsizio energetikoa gauzatzeko ezinbestekoa da energia jasangarritasunaren alorrean eskualdeko enpresa txiki eta ertainak zer egiten ari diren ezagutzea. Eta energia bektoreak gero eta pisu handiagoa duenez, funtsezkoa da erabilera efizientea eta diru aurrezpena bultzatzea. Horregatik, energia aurrezpen, efizientzia, jasangarritasun edo berrikuntzarekin zerikusia duten proiektuak identifikatzea eta gauzatzen laguntzea da Energia planaren helburuetako bat.
Besteak beste, energia berriztagarriak eta auto-hornikuntza proiektuak aurrera emateko aukerak aztertu, eta bideragarriak diren horiek sustatuko dira. Aukera horietako bat da elektromugikortasunarena, eta zentzu horretan, birkarga elektrikorako edo floten aldaketarako proiektuak dituzte jomugan.
Tokiko ekonomia sustapenari begira, eskualdean jasangarritasun energetiko gaietan dabiltzan enpresak bultzatzen lagundu eta ezagutzera eman nahi dira.
Herritarrak
Etorkizunean Tolosaldean eredu energetikoaren eraldaketa posible egiteko, erakunde publikoen eredugarritasuna garrantzitsua den bezala, herritarrei informazioa, sentsibilizazioa eta formakuntza ematea giltzarria da. Izan ere, energia gaiak ez dira ulerterrazak. Horregatik, fakturen ulermena sinplifikatzea, energia aurrezpenak nola lortu, eta abarretan laguntzea beharrezkoa da.
Gainera, herritarrek energiari lotutako inbertsioak eta erabakiak hartu ahal izateko, informazioa behar dute eta horretarako, besteak beste, energia bulego birtuala garatu nahi da, herritar eta eragileen beharretara egokitutako den edukia eskaintzeko eta zalantzak erantzuteko.
Bestalde, eta azken datuen arabera, 20 pertsonatik 3k bizi dute pobrezia energetikoa eta horietatik batek, pobrezia larria. Udaletako gizarte zerbitzuekin eta gizarte eragileekin batera pobrezia energetikoaren aurkako plana garatuko dugu datozen urteetan.
Azkenik, auto-hornikuntza eta komunitate energetikoak datozen urteetan gehien garatuko diren gaiak izango dira eta eredu desberdinen azterketa egitea du xede Energia Planak. Gai hauen inguruan informazioa sortzea eta komunitate energetiko iniziatiben sorreran lagunduko da.