Berriak
Atzealdea Tolosaldeko Kontsumo Bulegoak turismo sektoreko enpresa baten jardun eztabaidagarriaren berri eman du
2020·09·28
Ociohoteles.com enpresaren salmenta praktika agresiboen inguruan ohar egin du KIUB, Tolosaldeko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak. Espainiar estatuko hotelen eskaintzak biltzen dituen webgunea da, klub pribatu izaera duena. Emaitza, ordea, ez dator bat eskaintza egitean azaldutakoarekin, eta jarduera legezkoa den arren, arriskuaz ohartarazi dute:
Zer egiten dute?
Telefono dei bidez zuzenean jartzen dira harremanetan, eskaintzaren berri emateko. Dei nahasgarriak izaten dira, ez baitituzte baldintzak argi eta garbi adierazten eta informazioa erdizka ematen dutelako. Bazkide egitearekin batera, gau kopuru baten eskaintza egiten dute, prezio deigarriekin jokatuz: 30 edo 40 gau, 150€ren truke, esaterako.
Amua irentsi eta interesa agertuz gero, datu pertsonalak eskatzea izaten da ondorengo urratsa, tartean bankuko txartelarena. Konturatzerako, eta oraindik bazkide egitea onartu ez arren, egin dute lehen kobrantza. Eskainitakoa, gainera, ez dator bat klubeko bazkide izateak eskaintzen dituen aukera errealekin: otorduetan, erabilgarri dauden hoteletan, etab. ezberdintasunak izaten dira.
Are gehiago, webguneko erabilera baldintzetan honakoa dio: “Portal Descuentos S.L.k eskubidea izango du salmenta baldintza orokorrak edozein unetan aldatzeko, aurretiazko abisurik gabe”.
Zer gertatzen da dirua itzultzeko eskatutakoan?
Behin horretaz jabetuta, erreklamazioa jartzean etortzen da benetako arazoa. Dirua itzultzeko eskatu eta beren agente batek deituko duela argudiatzen dute. Dei hori, ordea, berandu iristen da, edo zuzenean ez da iristen. Modu horretara, diru-itzulketa eskatzeko legezko epea agortzen dute, eta ez dira zertan behartuta izango.
Nola iristen dira nigana?
Gauza ez da hor geratzen, bezero potentzialen sarea osatuz joaten baitira. Behin interesa agertu eta datuak eman ondoren, eskaintzan interesa izan lezaketen gertuko senide eta lagunen kontaktuak pasatzeko eskatzen dute. Horrela, hurrengo pertsonari deitzen dioten unean, kontaktua bere konfiantzazko lagun batek pasa diotela esanez hasten dute elkarrizketa.
Zer egin behar dut hau gertatzen bazait?
Dei horietakoren bat jasoz gero, tentuz jokatu, eta ziurtasun guztia izan arte ez hartu erabakirik edota ez eman datu pertsonalik. Zerbitzuren bat kontratatuz gero, eta atzera egin nahi izanez gero, eskubidea duzu dirua itzultzea eskatzeko, kontratatu ondorengo 14 egunetan. Horretarako, ezinbestekoa izango da kontratua atzera botatzeko eskatuz komunikazio frogagarri baten bidez zure eskaera bidaltzea enpresari. Behin hori eginda, prozesuan lagun diezazuke Tolosaldeko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB). Ezagunen artean mezua zabalduko bazenu ere gainerakoak alerta izaten lagunduko duzu.
Behin urrats horiek jarraituta, enpresak ez balu kontratua atzera botatzeko eskaera onartzen edo horren aurrean erantzuten, Tolosaldeko Kontsumo Bulegoarekin harremanetan jar zaitezke, kontsumoa@tolosaldea.eus helbidera idatzi edo 616 647 835 telefonora deituta.