Berriak
Atzealdea

Tolosaldeko Mintzalaguna egitasmoak martxan du ikasturte berria

Daudenez gain, herri gehiagotan taldeak sortzea da helburua eta Galtzaundin edo udaletxeetan eman daiteke izena

2023·09·18


Euskara noiznahi eta nonahi erabiltzea helburu duen egitasmoa da Tolosaldeko Mintzalaguna. Ikasturte berriari ekin diote eta lagunartean modu eraginkorrean eta giro ezin hobean euskaraz aritzeko aukera izango dute izena ematen dutenek.

Badira 30 urte proiektua martxan jarri zenetik eta eskualdean 100 kide inguru dira parte hartzen dutenak. Gaur egun Tolosan, Amasa-Villabonan, Ibarran, Zizurkilen, Anoetan eta Iruran daude taldeak eta egitasmoaren sustatzaileek herri gehiagotara zabaltzeko intentzioa agertu dute. Horretarako, jendea izena ematera animatu nahi da eta informazio gehiagorako zein izena emateko, Galtzaundira edo udaletxeetara jo daiteke. 

Astean ordubetez elkartzen dira eta hizketaldi lasaiak izaten dituzte, euskararen ikasketan aurrerapausoak eman nahi dituzten bidelarien eta horretarako erraztasunak ematen dizkien bidelagunen artean.