Berriak
Atzealdea Tolosaldeko turismo ereduari buruzko hausnarketa partekatua, etorkizuneko bide-orria finkatzeko
2021·06·15
Eskualdez kanpo Tolosaldearen erakusleiho diren marka eta webgune turistikoak –tolosaldea.eus– berritzea da Tolosaldea Garatzeko Turismo Sailak eskuartean duen erronka nagusienetako bat. Horretarako, ordea, eta etorkizunera begirako oinarriak finkatuta utzi asmoz, marketin plana garatuko du lehenengo.
Planaren lehen urratsa eskualdeko turismo ereduari buruzko hausnarketa kolektibo edo partekatu bat egitea izango da. Hiru xede-taldetan banatu dute diagnosi hori eta bakoitzarentzat galdetegi bana sortu da: turismo sektorea, batetik; erakunde eta eragile publiko eta pribatuak, bestetik; eta, hirugarrenik, herritarrak.
Zeintzuk dira Tolosaldearen indarguneak? Zer hobetu beharko litzateke? Zer da erakargarriena? Zein balio erantsi du eskualdeak gainerako jomugekin alderatuta?
Gisa honetako gaietan jarriko da azpimarra hausnarketan. Horrela, baliabide turistiko nagusiak identifikatu eta balioetsi nahi dira, turistak hobeto ezagutu eta sustapenerako kanal eta mezu egokienak identifikatzearekin batera.
Sektorearekin elkarlanean
Sektorea da turistekin harreman zuzenena duena: museoak, lotokiak, jatetxeak, ekoizleak, interesguneak… Gertuko errealitate hori jasotzea ezinbestekoa da planean.
Turismo alorrean lan egiten duten erakunde eta eragile publiko eta pribatuen ikuspuntuak ere bildu nahi dira, hala nola, udal edo elkarteenak. Horretarako, aurrez aurreko elkarrizketak, bideo-deiak, elkarrizketa telefonikoak edota online galdetegiak egingo dira, Gura Marketin enpresako teknikariekin batera.
Herritarrentzat: online edo paperean
Herritarrei ere zabaldu nahi izan zaie parte hartzeko aukera, ikuspuntu anitzagoak jaso nahi baitira. Kasu horretan, parte hartu nahi duen orok, bi modu ditu aukeran:
Alde betetik, online, Tolosaldea Garatzenen web orrialdean argitaratutako galdetegi bat betez. Eta, bestalde, online beharrean, nahiago dutenek, Tolosaldea Tour turismo bulegoan (Andre Maria plaza, 1. Tolosa) izango dute galdetegia paperean betetzeko aukera.
Ordutegia: 11:00-14:00 eta 16:00-18:00 asteartetik ostiralera, 10:00-14:00 eta 16:00-18:00 larunbatetan, eta 10:00-14:00 igandetan.
Parte-hartze prozesua uztailaren 9ra arte luzatuko da, eta parte hartzen duten herritarrek Tolosaldea Tour turismo bulegoak eskaintzen dituen bisita gidatu bat –Tolosako Alde Zaharra, Andre Maria eliza edo Azoka– doan jasotzeko aukera izango dute.