Berriak
Atzealdea Trafikoaren inguruko Udal Ordenantza betetzeko eskatzen du Udalak
2023·11·27

Alegiako Udalak onartutako Trafikoa, Motordun Ibilgailuen Zirkulazioa eta Bide Segurtasuna arautzen dituen Udal Ordenantza 2002ko abuztuaren 21ean argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Bertan zehazten diren hainbat arau ez direla errespetatzen somatu du Udalak azkenaldian. Legeak ezarritakoa betetzen ez duten horiei jakinarazpen ezberdinak egin zaizkie, herriko etxe atari guztietan egoeraren inguruko ohartarazpena egiten duen bandoa jartzearekin batera.
Neurri horien bidez, arauak errespetatzen ez dituzten herritarrek beraien jokabidea aldatzea da Udalaren helburua. Baina egoerak ez badu hobera egiten, Udalak, ordenantzako 28 eta 29 artikuluek ematen dioten eskumena baliatu beharko du hurrengo egunetan, dagozkion zigor espedienteak abiarazteko.
Arauak errespetatzen ez dituztenei gogorarazten zaie, herritarren gehiengoak betetzen dituela eta elkarbizitza eta errespetu kontua ere badela indarrean dauden legeak betetzea. Udalak gustukoak ez diren neurriak hartu beharrik ez izatea espero du.