Berriak

Txintxarri abesbatzak kontzertua eskainiko du igandean Ikaztegietan

Jubilatuen Egunaren harira antolatu den emanaldia 12:00etan hasiko da elizan

2016·11·17


Txintxarri abesbatzak kontzertu bat eskainiko du igandean, azaroak 20, Ikaztegietako elizan. Jubilatuen Eguna ospatuko dute egun horretan eta egun osorako antolatu dituzten ekitaldien artean kokatzen da Alegiako abesbatzaren emanaldia. Bigarrenez ariko da egun horretan Garbiñe Orbegozok zuzentzen duen kantari taldea eta guztira hamaika abesti eskainiko dituzte.

Emanaldian atzerriko zein etxeko doinuak tartekatuko dituzte. Haendelen eta jatorri estatubatuarra duen bi abestirekin hasi ostean, "Maiteak galde egin zautan", "Aldapeko sagarraren" edota "Bagare" bezalako klasikoak eta Ken Zazpi taldeak ezagun egindako "Haizea" eta "Ilargia" abestien moldaketak ere entzun ahal izango dira. Eta Leonard Cohen hil berriaren "Hallelujah" ere eskainiko du Txintxarrik.

Gauzak horrela, igande eguerdian musikarekin hitzordu bat izango dute ikaztegietarrek eta bertaratzen direnek.