Berriak
2017·07·20
Txintxarri abesbatza gure mugetatik kanpo ibiliko da asteburuan. Larunbatean kontzertu bat eskainiko dute alegiarrek Palentziako Dueñas herrian, abesbatza topaketa batean. 2016ko urrian Alegian izan zen herri horretako Castilla Vieja abesbatza eta oraingoan alegiarrak izango dira bisita itzuliko dietenak. Bertan antolatu den abesbatza topaketa batean abestuko dute, Coruñako Laxe herriko Atalaia abesbatzarekin batera.
Emanaldia larunbatean 20:45ean hasiko da eta Txintxarri abesbatzak sei kantu eskainiko ditu. Euskal kantutegiak presentzia izango du “Erribera” eta “Boga Boga” herrikoiekin eta baita Josu Elberdinen “Kantauri” obrarekin. Beste estilo batzutan, John Rutterren “I will sing with the spirit”, Leonard Cohenen “Hallelujah” eta Joan Manuel Serraten “Cantares” ere eskainiko dituzte. Emanaldia amaitzeko, hiru abesbatzek batera Verdiren Nabucco operako “Va pensiero” eskainiko dute. Garbiñe Orbegozo izango da abesbatzaren zuzendaria eta Mariaje Rekondo ariko da pianoan.
Behin lanak amaituta, Txintxarri abesbatzako kideek Palentziako Fromista herria bisitatuko dute igandean eta asteartera bitartean Leonen izango dira.