Berriak

Atzealdea Txintxarri Eguna ospatuko da larunbatean

Uztaritzeko Lapurtarrak abesbatza izango da 19:45ean elizan hasiko den kontzertuko talde gonbidatua

2019·10·16


Urriko hitzordu klasikoetako bat da Txintxarri Eguna. Txintxarri abesbatza kultur elkarteak bere bazkideei esker ona adierazteko urtero ospatzen duen eguna da eta aurtengoa larunbatean, urriak 19, ospatuko da. Ohi bezala, Txintxarri Txiki, Txintxarri Gazte eta Txintxarri abesbatzek kontzertua eskainiko dute larunbatean 19:45ean elizan eta aurten ere, abesbatza gonbidatu baten parte hartzea izango da. Uztaritzetik datorren Lapurtarrak abesbatzak hartuko du parte larunbateko emanaldian.

Lapurtarrak abesbatza 1989an sortu zen Uztaritzen. Aurten hogeita hamar urte bete dituzte eta egun, urteak adina kidek osatzen dute abesbatza. Folklorean oinarrituriko kantutegia lantzen du Yves Panizzolik zuzentze duen taldeak eta 4 ahotsetara edo gehiagora abesten dituzte kantuak, hainbat hizkuntzetan.

Larunbateko kontzertua Txintxarri Txikiren emanaldiarekin hasiko da. Bi abesti eskainiko dituzte eta jarraian, Txintxarri Gazte abesbatzak kantu bat eskainiko du. Ondoren, Txintxarri abesbatzaren txanda izango da eta hauek lau kantu abestuko dituzte. Alegiarren talde guztiak Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean ariko dira eta pianoan Mariaje Rekondoren laguntza izango dute.

Alegiarrek Uztaritzekoei emango diete erreleboa. Lapurtarrak abesbatzak sei abesti eskainiko ditu Yves Panizzoliren zuzendaritzapean. Sei abesti eskainiko dituzte, estilo eta hizkuntza ezberdinetan. Emanaldia amaitzeko, Txintxarri eta Lapurtarrak abesbatzek, Mendigoizaleak kantua eskainiko dute elkarrekin. Abesti horretan, Yves Panizzoli, Elena Alustiza eta Mila Begiristain ariko dira txistuarekin.