Berriak
2016·10·05
Alegiako Udaleko Kultura batzordeak antolatu duen Udazkeneko Egitaraua datorren urriaren 15ean, larunbata, hasiko da eta abenduaren 14ra bitartean luzatuko da. Ohi bezala, denetariko ekintzak antolatu dira egitarauak iraungo duen bi hilabetetan zehar. Musika emanaldiak, haurrentzako ipuin kontaketak, tailerrak, ikastaroak…
Urriaren 15eko Txintxarri Eguna izango da lehen ekitaldia. Aurtengorako, Palentziako Dueñas herriko Castilla Vieja abesbatza gonbidatu da eta Txintxarri Txiki eta Txintxarrirekin batera, kontzertua eskainiko dute 19:45ean elizan. Hilaren 19an Maite Francoren ipuin kontaketa izango da liburutegian. 17:00etan hasiko den saioa 4 eta 7 urte bitarteko haurrei zuzenduta egongo da. Urriaren 22an, larunbata, Eñaut Elorrietaren kontzertua izango da zinean 23:00etan. Kontzertu horretarako sarreren salmenta urriaren 10ean, astelehena, jarriko da martxan kultur etxean 10 euroko prezioan.
Azaroaren 16an izango da hurrengo ekitaldia. Ines Bengoa ipuin kontalariaren saioa izango da liburutegian 17:00etatik aurrera. Saio hori ere 4 eta 7 urte bitarteko haurrentzat izango da. Azaroaren 22an, asteartea, Loatzo Musika Eskolako ikasleek kalejira bat egingo dute herriko kaleetan zehar 18:00etan eta kalejira horren amaieran kontzertua eskainiko dute plazan. Hilaren 25ean, ostirala, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat, kontzentrazio bat egingo da plazan 19:00etan.
Azaroaren 30ean eta abenduaren 7an eta 14an, Baikara elkarteak antolatu duen “Komunikazioa eta gaztazken konponketa” ikastaroa eskainiko da kultur etxean. Gurasoei zuzenduta dago eta saioak 17:30etik 19:00etara izango dira kultur etxean. Abenduaren 2an, ostirala, Anariren kontzertua izango da gaztetxean 22:00etatik aurrera. Emanaldi horretarako sarrerak azaroaren 21ean, astelehena, jarriko dira salgai kultur etxean 10 eurotan. Azkenik, abenduaren 3an, larunbata, Euskararen Eguna ospatuko da. Goiz partean Larreta Esnekiaken eskutik tailer bat izango da plazan. Ondoren, hamaiketakoa eskainiko da.