Berriak

Atzealdea Txintxarri eta Txintxarri Txiki abesbatzeko festetako kontzertua eskainiko dute gaur 22:00etan zinean

Euskal kantutegia oinarri izango duen emanaldia herriko hainbat musikarik jantziko dute

2016·07·07


Txintxarri eta Txintxarri Txiki abesbatzek urtero Alegiako jaien bueltan eskaintzen duen kontzertua aldaketa ugarirekin dator aurten. Horien artean, kontzertuaren eguna eta lekua daude. Orain arte jaietako egitarauaren barruan sartzen zen emanaldi hori eta elizan izaten zen. Bada, aurtengoari begira, emanaldia gaur bertan, ostirala, izango da eta gaueko 22:00etan hasiko da Elizpe zinean.

Euskal kantutegiak leku zabala izango du biharko emanaldiko kantu zerrendan. Garai bateko doinuak berreskuratzearen eta azken urteetan sortu diren hainbat abesti ezagun abesbatza baten eremura ekartzeko apustua egin dute abesbatzek. Emanaldiari Txintxarri Txikik emango dio hasiera. Benito Lertxundiren Egunsentia eta Urretxindorraken Munduko Bideak bezalak abesti ezagunekin hasi eta Karibe aldeko doinu eta erritmoak ere tartekatuko dituzte.

Ondoren Txintxarri Gazte Taldeko kideek Zu zaitut alboan abestia eskainiko dute eta Mikel Urdangarinen Usaiak eta Ken Zazpiren Haizea abesteko Txintxarri abesbatzako emakumeen laguntza izango dute.

Txintxarri Abesbatzaren txanda izango da jarraian. Euskal abesti ezagunak eta beste jatorri batzutako doinuak eskainiko dituzte. Tartean, Leonard Cohenen Hallelujah. Emanaldian zehar abeslariek herriko musikari ugariren laguntza izango dute. Manex Elola ariko da gitarrarekin, Lide Alustizak eta Leire Lanpre akordeoiarekin, Oihana Agirreurreta eta Irati Barrenetxea zeharkako flautarekin, Xumai Aizpurua perkusioan eta Mariaje Rekondo pianoan. Garbiñe Orbegozok zuzenduko ditu talde guztiak.

Kontzertu berezi hori esan bezala, gaur gaueko 22:00etan izango da Elizpe zinean.