Berriak

Atzealdea Txintxarri gaztelekuak zabalik du ikasturte berrirako izena emateko epea

Formulario bidez edo kultur etxean eman beharko da izena eta urriaren 10a izango da azken eguna

2025·10·06


Alegiako Txintxarri gaztelekuak urriaren 15ean ekingo dio 2025-2026 ikasturteari. Izena emateko epea zabalik dago eta urriaren 10a izango da azken eguna. Interesatuek, lotura honetako formulario bidez eman dezakete izena. Herriko ikastetxeen bidez ere zabalduko da lotura eta urriaren 8tik 10era kultur etxean bertan ere eman ahal izango da izena.

Gaztelekua aisialdi hezitzailea da. Alegiako haur, nerabe eta gazteei eskaintza iraunkorra eskainiaz, haien haurtzaro eta gaztetasunaz gozatzeko aukera egonkorra eta etengabea bermatzen duen doako zerbitzua. 

Parte hartzaileei bertan egoteko espazio bat eskaintzen zaie, tailerrak egin, jolasak, irteerak, oporraldietan eskaintza bereziak, herriko dinamiketan parte hartu… Bestalde, haur, nerabe eta gazteen motibazioetatik abiatuz, haien gaitasunak landu eta berriak eskuratzeko espazioak eskaintzen dira, herriko parte-hartzaile aktibo bilakatu daitezen saiatuz.

Ikasturte berriari begira, hauek izango dira taldeak eta ordutegiak:

-LH 4, 5 eta 6: asteazkenetan 16:30-18:30.

-LH 1, 2, eta 3: ostegunetan 16:30-18:30.

-DBH 1-2 taldea eta DBH 3-4/Batxilergoko taldea: ostiraletan eta larunbatetan 16:30-19:30.

Urriaren 10ean nerabeekin bilera bat egingo da gaztelekuan.

2 orduko saioa eskainiko da aurten eta izena ematerakoan lehentasuna emango zaie bi ordu egon daitezkeen haurrei. Hala ere, saio osoa ezin badute egon aukera ere egongo da izena emateko. Hau da, haurrak etorri nahi badu, baina beranduago etorri ala lehenago atera behar bada, posible izango du. Soilik ordutegia zehazteko eskatuko da formularioan. Hori bai, ez dira epez kanpoko izen emateak onartuko. Izena emateko epean eskaintzen diren plazen kopurua gaindituko balitz, zozketa egingo da.

Urriaren 11n taldeen berri emango da whatsapp edo email bidez. Txintxarri gaztelekuko atean ere talde bakoitzaren izen zerrenda jarriko da.