Berriak
Atzealdea Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek gabonetako kontzertu atsegina eskaini zuten
2021·12·20
2020ko martxoan pandemia lehertu zenetik jendaurrean aritu gabe egon ostean, atzo arratsaldean Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzak kantuan ikusteko aukera izan zen. Gabonetako kontzertua eskaini zuten elizan eta jendeak abesbatzen emanaldien gose zela erakutsi zuen.
Txintxarri Txikik eman zion hasiera kontzertuari. Lau abesti eskaini zituzten. Batzuk pianoaz lagunduta eta beste batzuk akordeoilari eta gitarristen laguntzarekin. Ondoren helduen txanda izan zen. Gabon kutsuko kantutegi anitz eta bizia eskaini zuten eta ohiko moduan, Haendelen ‘Alleluia’k borobildu zuen emanaldia. Abesbatzako kideak eta hainbat kide ohi korura igo eta Mariaje Rekondok organoan lagunduta indarrean amaitu zuten kontzertua. Hori guztia, Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean.
Hilaren 24an ere Txintxarri abesbatza kantuan ikusteko aukera izango da. Arratsaldean herriko kaleetan ibiliko dira kantari.
Argazkia: Txuso Gomez.