Berriak

Atzealdea Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzeko gabonetako kontzertua eskainiko dute larunbatean

Emanaldia 19:45ean hasiko da elizan eta gabonetako abesti ezberdin ugari entzuteko aukera izango da

2017·12·20


Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzeko gabonetako kontzertua eskainiko dute abenduaren 23an, larunbata. Urteroko hitzordua izaten du gabonen ingurukoa abesbatzak eta ohi bezala, Alegiako elizan izango da emanaldi hori 19:45ean hasita. Txintxarri txikiko gaztetxoak izango dira emanaldiari hasiera emateko ardura izango dutenak. Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean eta Mariaje Rekondok pianoan lagunduta, hiru abesti eskainiko dituzte. Xabier Sarasolaren “Gau ilunak ez badu” eta “Bi gabon kanta” lehenik eta Joxean Goikoetxeak moldaturiko “Alaken” ondoren.

Bi taldeen arteko zubi-lana egite aldera, Txintxarri abesbatzako partaide gazteenek bi abesti eskainiko dituzte ondoren. Goikoetxearen moldaketa den “Kanpai soinu, zilar doinu” eta David Azurzak moldatutako “Erregiak datoz”.

Ondoren etorriko da Txintxarri abesbatzaren txanda. Guztira sei kantu abestuko dituzte Garbiñe Orbegozok zuzenduta eta Mariaje Rekondok pianoan lagunduta. Sabin Salaberriren “Gaur gabon” kantuarekin hasiko dira. Bigarren abestia ingelesez abestuko dute eta Rutterren “I will sing with the spirit” izango da. “Orra Mari Domingi” ezagunari Junkal Guerrerok egindako moldaketa etorriko da ondoren eta “Fum, fum, fum” kantu herrikoi kataluniarra izango da laugarren abestia. Hopsonen “Halle, halle, halle” eta Eva Ugalderen “Zeruan dizdizka” kantuarekin itxiko dute kontzertua. Hori bai, emanaldia borobiltzeko korura igo eta Haendelen “Alleluia” eskainiko dute.

Eguberritan emanaldi gehiago

Txintxarri abesbatzako kideak lanpetuta ibiliko dira gabonetan. Izan ere, abenduaren 24ean, urtero bezala, herriko kaleetan kantuan ibiliko dira 16:30ean Larraitz auzotik abiatuta. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean meza nagusian abestuko dute.

Argazkia: T. Gomez.