Berriak
Atzealdea Txintxarriak Martxanen denboraldi berrian izena eman nahi dutenek irailaren 30era bitartean izango dute horretarako aukera
2022·09·20

Adinekoak ariketa fisikoa egitera bultzatzea eta elkarren arteko harremanak sustatzea helburu dituen Txintxarriak Martxan ekimenak urriaren 6an hasiko du 2022-2023 denboraldia. Ostegunero 11:00etan izango dute hitzordua adinekoek plazan eta bertatik abiatuta, adin talde ezberdinei egokituriko ibilbideak egingo dira.
Izena eman nahi dutenek jada zabalik dute horretarako aukera eta irailaren 30a izango da azken eguna. Udaletxeko gizarte zerbitzuen bulegoan edo osasun etxean eman daiteke izena.
Alegiako Udalak, osasun etxeak eta herriko beste hainbat eragilek hartzen dute parte ekimenaren antolakuntzan eta ohi bezala, aurten ere, eragile horietako bolondresak izango dira irteeretan adinekoei laguntza eskainiko dietenak. Udalak eskerrak eman nahi dizkie eragile horiei guztiei eta adinekoak ekimenean parte hartzera animatu nahi ditu.