Berriak

Atzealdea Udaberriko lehen egunetaraino luzatuko den Neguko Kultur Egitaraua urtarrilaren 15ean hasiko da

Guztira hamabost ekitaldiz osaturiko eskaintza anitza prestatu du Alegiako Kultur batzordeak

2020·01·08


2020an sartzearekin batera, Alegiako Kultur batzordeak negurako prestatu duen kultur egitarauaren berri eman du. Urtarrilaren 15ean hasi eta apirilaren 3an amaituko da eta tarte horretan askotariko hamabost ekintza eskainiko dira Alegian. Hitzaldiak, musika, dantza, mendi irteerak, antzerkia… Denetik eta denentzat, ohi bezala.

Urtarrilaren 15ean Badut taldearen ipuin kontaketa izango da 17:00etatik aurrera liburutegian. Hilaren 24ean berriz, Loatzo musika eskolako ikasleek piano kontzertu bat eskainiko dute kultur etxeko areto nagusian 19:30ean. Urtarrilaren 26an, mendi asanbladak antolatuta Erlo eta Xoxote aldera mendi irteera bat egingo da eta 28an, Euskal Mendi Federazioaren eskutik hitzaldi bat izango da kultur etxean 18:30etik aurrera. Prebentzioari eta mendiko segurtasunari buruzko prestakuntza saio bat izango da.

Otsailaren 4a, asteartea, Agate Deunaren bezpera izango da. Goizean, Alegiako Herri Eskolako ikasleak izango dira kantuan ariko direnak esolan eta plazan 11:30etik aurrera. Iluntzean berriz, Txintxarri abesbatza eskean ibiliko da urtero bezala, 19:00etatik aurrera. Otsailaren 13an Lur Usabiagaren ipuin kontaketa izango da liburutegian 17:00etatik aurrera eta hurrengo egunean, 14ean, “Erradikalak ginen” antzezlana izango da 22:00etan Elizpe zinean. Azkenik, otsailaren 23an iñauterietako zahagiardoa egingo da.

Martxoan sei izango dira eskainiko diren ekitaldiak. Hilaren 6an, ostirala, Amak taldearen kontzertua izango da 22:00etan Elizpe zinean. Martxoaren 8an, igandea, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da Udalak egun horretako aldarrikapenekin bat egingo du. Hilaren 11n Maddalen Diazek “Plastikorik sortu gabe nola bizi” hitzaldia eskainiko du 18:00etan kultur etxean eta 18an, Xabier Terronesen ipuin  kontaketa izango da 17:00etan , liburutegian. Martxoaren 27an, ostirala, “Raketistak lehen eta orain” dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia izango dira 22:00etatik aurrera Elizpe zinean. Azkenik, martxoaren 29an mendi asanbladak irteera bat egingo du Aralarko Guardetxetik Larraitzera.
Egitaraua ixteko, apirilaren 3an, ostirala, Sutarri dantza taldeak emanaldi bat eskainiko du Elizpe zinean.

Egitarau osoa lotura honetan kontsultatu daiteke.