Berriak
Atzealdea Udal gobernuaren balorazioa herri kontsultaren inguruan
2022·11·07
Alegiako udal gobernuak eskerrak eman nahi dizkie modu batera edo bestera (bileretara joanez, ekarpenak eginez edo bozka ematen) parte hartze prozesu hauetan parte hartu duten herritar guztiei. Lan handia izan den arren, herritarrengandik jasotako erantzunak pozik utzi du gobernua eta aurrerago ere antzeko lanketak martxan jartzeko asmoa berretsi du. Ekainean esan bezala, guztion artean hobeto erabaki dugu.
Larraitz ekialdeko proiektuaren lanketa aipatu nahi izan dute. Jasotako ekarpenak eta bileretako edukiak kontuan hartuta hasierako proiektuak moldatu eta aberastu dira azken proposamena hobetuz. Hondakinen bilketa sistemaren kasuan, prozesuan zehar ez da hainbeste ekarpen egon. Batez ere, positiboki baloratzen du udal gobernuak bileretan egon den giro eraikitzailea eta errespetua.
Galdeketaren emaitzen inguruan, guztira bozketara deituak 1440 herritar izan dira eta azkenik bozka eman dutenak 572, erroldaren % 39,72. Galdera bakoitzaren emaitza zehatzak hauek izan dira:
Larraitz ekialdearen kasuan bertako biztanleen bozkak %90eko balioa zuela gogoratu da. Honela, bozka eskubidea zuten auzotarrak 232 izan dira eta hauetatik 102k hartu dute parte (% 43,93). Gainontzeko herritarren kasuan berriz, 1208ko erroldatik, 325ek eman dute bozka (%26,90). Beraz, Larraitz auzoaren kasuan guztira 427 herritarrek bozkatu dute (% 29,65). Proposamen bakoitzaren bozkak hurrenez hurren.
-1 PROPOSAMENA: 74 bozka (auzoatarrak 14, gainontzekoak 60).
-2 PROPOSAMENA: 209 bozka (auzotarrak 62, gainontzekoak 147).
-3 PROPOSAMENA: 130 bozka (auzotarrak 25, gainontzekoak 105)
Hondakinen kasuak berriz, 572 herritar etorri dira bozkatzera eta hauek dira emaitzak:
-Atez atekoa: 182 bozka.
-Mistoa: 31 bozka.
-Edukiontziak: 356 bozka.
Honenbestez, Larraitz ekialderako 2 PROPOSAMENA eta hondakinen bilketarako edukiontzien sistema izan dira modu argian bozka gehien lortu dituztenak. Udal gobernu honen iritziz, emaitzak eztabaida ezinak izan dira eta ondorioz, ahalik eta azkarren gauzatu daitezen pausoak ematen hasiko da gobernua.
Amaitzeko, berriro ere eskerrak eman nahi izan zaizkie fede onez, ekainetik hona prozesu neketsu baina aldi berean aberats hau modu egokian atera zedin lagundu duten guztiei, bereziki Mankomunitateko teknikariari, Arkitekto taldeari eta udal langileei. Baita bozketan parte hartu duten herritarrei. Etorkizunean antzeko lanketak egiteko oinarri sendoak jarri direla uste du udal gobernuak.