Berriak
Atzealdea Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei ostiraleko euriteen aurrean erakutsitako elkartasunagatik
2025·06·18

Ekainaren 13ko euriteek herrian eragindako kalteak zenbatzeko eta konpontzeko egunak dira hauek. Lehenik eta behin, inolako kalte pertsonalik ez izatea da gauzarik garrantzitsuena eta balioan jarri beharreko lehena.
Ostiral gauean egoera okertzen hasi zen unetik bertatik, sekulakoa izan da herritarren eta inguruko herrietako biztanleen laguntza eta elkartasuna. Unerik estuenetan egindako esku hartzeak, larunbat goizerako auzolan deialdiari eman zitzaion erantzuna eta asteburu guztian zehar garbiketan egin den lan ikaragarriari esker, herriak azkar berreskuratu ahal izan du neurri bateko normaltasuna eta oraindik hainbat lekutan garbiketa lanak, bideen berreraikuntza eta antzeko lanak egin beharko diren arren, Udalak kalte guztiak jasotzen dituen txostena prest du eta jada hasi dira hartuemanak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, kaltetuenak izan diren eremuetara laguntza nola bideratu zehazteko.
Gauzak estutzen direnetan ateratzen omen dute pertsonek beraien alderik onena zein txarrena eta kasu honetan, Udalak herritarrek emandako erantzun paregabearen aurrean, bere esker ona adierazi nahi die bai alegiarrei eta baita inguruko herrietatik etorri eta laguntzen aritu direnei ere. Elkartasun erakustaldi aparta izan da eta zentzu horretan herrian dagoen komunitatea jarri nahi da balioan. Mila esker laguntzen aritu zarete guztioi eta kalteak jasan dituztenei, esan Udala alboan izango dutela.