Berriak

Atzealdea Udalak eskerrak eman nahi dizkie Kalebeherako festen antolatzaileei, egindako lanagatik

Giro ederrean ospatu diren jaietan guztia ondo atera dadin lanean aritu diren herritarren jardunari aitortza egin nahi zaio

2023·09·22


Batzuk ondo pasatzeko, hainbatek lan egin behar izaten du. Hori horrela da eta egiari zor, urritzen ari da bere aisialdia ingurukoek ondo pasa ahal izateko sakrifikatzeko prest dagoen jende kopurua. Zorionez, Kalebeherako festen antolakuntza taldean bada oraindik txinparta hori piztuta mantentzen duen jendea eta beraiei esker, festa apartez gozatzeko aukera izan zen iragan asteburuan.

Ostiraletik igandera bitartean herritar orori zuzenduriko ekitaldiak izan ziren. Haurretatik hasi eta herritar adinduenek ere parte hartzeko moduko ekintzak izan ziren. Eta hori da jai horiek bizirik mantentzea ahalbidetzen duen beste zutabeetako bat. Herritarren parte hartzea. Hori eta antolakuntza taldearen lanik gabe, jaiek etorkizun beltza izango lukete.

Gauzak horrela, Udaletik modu berezian eskertu nahi da Kalebeherako festen antolakuntzak aurten ere jaiak egin ahal izateko egindako ahalegina. Aurreko prestaketak, hiru festa egunetako lana, ondorengo bilketa lana… Dirudiena baino lan gehiago dago horren atzean. Bide batez, herritarren parte hartzea eta jarrera ere eskertu nahi da, giro jator askoan ospatu direlako aurtengo jaiak. Bejondeizuela!!