Berriak

Atzealdea Udalak hainbat diru laguntza jaso ditu Larraitz Ekialderako eta osasun zentroa zein jubilatuen taberna eraberritzeko

Erein programatik, Aldundiko Landa Garapen departamentutik eta Eusko Jaurlaritzako osasun sailetik eratorritako laguntzak dira

2024·10·10


Alegiako Udalak diru laguntza ezberdinak jaso ditu azken asteetan herriko azpiegitura ezberdinen eraberritzeei bultzada bat emateko. Larraitz auzoaren ekialdea eraberritzeko egitasmorako izango da laguntza lerro bat eta beste biak, osasun zentroa eta jubilatuen taberna eraberritzeko.

Erein programak Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko laguntzak biltzen ditu bere baitan. Udalak ondutako eskaerari erantzunez, programak 300.000 euro esleitu dizkio Larraitz auzoaren ekialdea eraberritzeko proiektuari. Egitasmoak jasotzen dituen puntuetatik, irisgarritasuna, efizientzia energetikoa (argiztapena) eta hirigintza zein hornidura aldetik inguruak izango duen berrikuntza eta garapena izan dira ebazpenean azpimarratu diren alorrak eta horrenbestean, diru kopuru hori jasotzea ahalbidetu dutenak.

Osasun zentroa eta jubilatuen taberna

Martxan diren proiektuen artean, osasun zentroaren eta jubilatuen tabernaren eraberritzea ere izango dira administrazio ezberdinen bultzada ekonomikoa jasoko dutenak. Alegiako Udalak ,bai iaz eta bai aurten, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratzen dituen diru laguntza lerro ezberdinen eskaera egin du. Iaz 246.000 euro jaso zituen Udalak osasun zentroaren eraberritze egitasmo horretarako eta aurten 195.000 euro esleitu dizkio Osasun Sailak.

Eraikin berarekin lotuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapen zerbitzuak 100.000 euroko diru laguntza bat eman dio Udalari jubilatuen taberna eraberritzeko. Zentzu horretan, ekarpen horiek bultzada garrantzitsu bat izango dira herriak merezi duen osasun zentro bat izateko eta jubilatuentzat gutxieneko baldintzak beteko dituen taberna bat izateko.