Berriak
Atzealdea Udalak maskarilak une oro erabiltzeko eta segurtasun neurriak zorrotz betetzeko gomendioa egiten die herritarrei
2020·07·14
Bistakoa da COVID-19aren aurkako babes neurrien inguruan erlaxatu egin garela azken asteetan. Dena den, birusak gure inguruan jarraitzen duela ukaezina da eta horren aurrean Udalak maskarilen erabilera eta segurtasun zein higiene neurriak hartzea sustatu nahi ditu herritarren artean. Azken astean Alegian bi kasu agertu dira eta Tolosaldean orotara 19. Horren aurrean, kutsatze gehiago ekiditeko modurik eraginkorrena norberak duela bere esku gogorarazi nahi da. Lasaitasun mezu bat helarazi nahi da baina maskarilak erabiltzea eta segurtasun zein higiene neurriak hartzea gutariko bakoitzak egin beharrekoak dira eta horrekin, gure burua zein gure ingurukoak babesten ditugu.
Alegiako Udalak herritarrei maskarila une oro erabiltzeko deia egiten die. Bai eremu irekietan zein itxietan. Horrekin batera, pertsonen arteko metro eta erdiko distantzia gordetzea ere eskatzen da eta eskuak sarri garbitzea gel desinfektantearekin. Neurri horiekin batera, arduraz eta zentzuz jokatzeko deia egiten da. Jende pilaketak ekiditea eta jendea pilatu dezaketen ekintzak ez egitea. Udala jakitun da gauzak normal joan balira aste honetan herriko jaiak ospatuko zirela baina aurtengo egoera kontuan izanda, ospakizun masiboak beste baterako uztea eskatzen da, denon osasuna bermatze aldera. Orain zentzuz jokatzeak etorkizunean kezka eta estuasun gutxiago eragingo ditu.