Berriak

Atzealdea Udaleko osoko bilkurak aho batez onartu ditu hondakinen tasaren %22ko eta tasa orokorren %3ko igoerak

Europako legea betetzeko ezinbestean egin beharreko igoera da zaborrena eta 182,34€ko zenbatekoa izango du

2024·10·24


Alegiako Udaleko osoko bilkurak 2025erako tasen igoera aho batez onartu zuen urriaren 23an egindako ohiko bilkuran. Alde batetik, hondakinen tasa %22 igoko da. Horren arrazoia Europa zein estatu mailan eman den lege aldaketa bat da. Hondakinen kudeaketa arautzen duen 7/2022 Legeak ondokoa ezartzen du: 2025eko apirilerako hondakinen kudeaketarekin zerikusia duten gastu guztiak herritar eta enpresek ordaindu beharko dituzte. Beste modu batera esanda, hondakinen kudeaketak ezingo du defizitarioa izan udalentzat. Hori horrela izanik, Alegiak eta gainontzeko herriek ere igo egin beharko dute zaborren tasa.

Gauzak horrela, zaborren tasa 182,34€koa izango da, egungoa baino 32,88€ gehiago etxebizitza bakoitzeko. 2024ko Tolosaldeko Mankomunitatearen fakturaren aurreikuspenaren arabera egiten den kalkulua da.

Bestalde, tasa orokorrentzat %3ko igoera ere aho batez onartu zuen osoko bilkurak.