Berriak

Atzealdea Udalerriak ixteko erabakia hartu du Eusko Jaurlaritzak beste hainbat neurriren artean

23:00etatik 06:00etara etxeratze agindua ezarri da eta ezingo da sei pertsona baino gehiagoko taldetan elkartu

2020·10·27


Espainiako gobernuak alarma egoera ezarri ostean, Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaile gehiago ezarri ditu dekretu bidez. Neurri horiek urriaren 27ko goizek 06:00etan jarri dira indarrean eta oraingoz hamabost eguneko iraupena izango dute. Egoeraren azterketa egin eta orduan erabakiko da neurri horiekin jarraitzen den edo aldaketak egiten diren.

Dekretu osoa beheko loturan kontsultatu daiteke, baina hauek dira neurri nagusiak:

-23:00etatik 06:00etara pertsonen zirkulazio askatasuna mugatuta egongo da. Sendagaiak erostea, osasun zentrora joatea, lanera joatea, ohiko bizilekura itzultzea, adineko, adingabe edo menpekotasuna duten zaintza eta beste pisuzko arrazoi batzuk dira etxeratze agindua ez betetzeko salbuespen bakarrak.

-Euskal Autonomia Erkidegoan sartzeko eta ateratzeko debekua. Aurreko puntuan aipaturiko salbuespenez gain, hezkuntza zentroetara joatea, organo publikoetan egin beharreko presazko jarduketak egitea, baimenak eta dokumentazio ofiziala berritzea, azterketak egitea eta beste batzuk sartzen dira.

-Bizilekua finkatuta dugun udalerrira sartzea edo bertatik ateratzea mugatzen da. Aurreko puntuetan aipaturiko salbuespenak kontuan hartzen dira. Horrez gain, mugakide ditugun udalerrietara joan ahal izango da arrazoi sozio-ekonomikoengatik, kirol jarduerak edo aire libreko jarduera fisikoek egiteko.

-Ezingo da sei pertsona baino gehiagoko taldetan elkartu. Erabilera publikoko espazio ireki zein itxietan eta erabilera pribatukoetan gehienez sei pertsonako taldeak egon ahal izango dira.

PDF
0,3 MB
27·10·2020 Dekretua
Hainbat neurri murriztaile biltzen dituen Eusko Jaurlaritzaren dekretua.