Berriak
2016·11·28
Alegiako Udaleko Kultura batzordeak antolatzen duen Udazkeneko Kultur Egitarauak azken ekitaldiak izango ditu aste honetan zehar. Asteazkenean, azaroak 30, "Komunikazioa eta gatazken ebazpena" ikastaroa hasiko da kultur etxean. Gurasoei zuzenduriko ikastaroa da eta hiru saio izango ditu. Hilaren 30ekoaz gain, abenduaren 7an eta 14an ere izango da.
Ostiralean, abenduak 2, Anariren kontzertua izango da gaztetxean. Lau musikarik osaturiko taldearekin ariko da oholtzan eta Zure Aurrekari Penalak diskoa borobiltzeko argitaratu berri duen Epilogo Bat lan berriko kantuak entzuteko aukera izango da. Sarrerak 6 eurotan erosi ahal izango dira egunean bertan gaztetxean eta kontzertuaren aurretik, 21:00etan, zahagiardoa egingo da gaztetxean.
Larunbatean, abenduak 3, Euskararen Eguna ospatuko da. Goizeko 11:00etan Larreta Esnekiak etxearen eskutik tailer bat eskainiko da plazan. Ondoren, eguneko ospakizunekin jarraituz, hamaiketakoa eskainiko da. Kultura batzordeak herritarrei ekitaldi horietan parte hartzeko gonbita luzatzen die.