Berriak

Atzealdea UEMAk antolaturiko ‘Salto!’ udalekuetan izena emateko epea zabalik martxoaren 31ra bitartean

UEMAren webgunean, telefonoz edo posta elektronikoz eman daiteke izena eta 2005 eta 2008 urteen artean jaiotakoei zuzenduta dago

2023·03·02


Udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak ekainaren 26tik uztailaren 4ra izango dira aurten eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea martxoaren 31 arte. Aurten ere ibiltaria izango da UEMAk antolatutako ekimena. Orozkotik, Areatzatik, Otxandiotik eta Dimatik igaroko da eta herri bakoitzean bina gau egingo dituzte.

Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abian du UEMAk, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Gazteen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Informazio gehiagorako eta izena emateen ingurukoak ezagutzeko 943 81 66 99 telefonora deitu daiteke, arnasguneak@uema.eus helbidera idatzi edo uema.eus webgunea bisitatu daiteke. 2005tik 2008ra bitartean jaiotakoentzat da.