Berriak
Atzealdea

UEMAk antolaturiko ‘Salto!’ udalekuetan izena emateko epea zabalik martxoaren 31ra bitartean

UEMAren webgunean, telefonoz edo posta elektronikoz eman daiteke izena eta 2004 eta 2007 urteen artean jaiotakoei zuzenduta dago

2022·02·08


Udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak ekainaren 27tik uztailaren 3ra izango dira aurten eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea martxoaren 31 arte. Aurten ere ibiltaria izango da UEMAk antolatutako ekimena. 50 laguneko bi zutabe abiatuko dira. Bat Tolosatik, eta bestea Etxarri Aranatztik, eta laugarren egunean Leitzan elkartuko dira bi zutabeak. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da udalekuen helburua. Iaz gazte askok eman zuten izena, eta asko kanpoan geratu zirenez, aurten parte-hartzaileen kopurua bikoiztea erabaki du UEMAk.

Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abian du UEMAk, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Gazteen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Izena eman nahi dutenek hiru aukera dituzte. UEMAren formulario hau betez, 943 81 66 99 telefonora deituta edo datuak posta elektronikoz hezkuntza@uema.eus helbidera bidalita. 2004tik 2007ra bitartean jaiotakoentzat da eta 95 euroko prezioa izango du. Informazio gehiago lotura honetan.

Sukaldari eta begirale bila

Udaleku horietan sukaldari eta begirale lanetan aritu nahi duten pertsonen bila ere badabil UEMA. Interesatuek martxoaren 31 baino lehen bidali behar dute kurrikuluma arnasguneak@uema.eus helbidera eta lotura honetan dute informazio xeheagoa.