Berriak

Atzealdea URA agentziak lizitatu du Franconiko zubiaren proiektu teknikoaren erredakzioa

Egitasmoa legealdia amaitu aurretik gauzatuta egongo da eta eremua desblokeatzeko giltzarri izango da

2025·02·06


URA agentziak Franconiko zubia eraberritzeko proiektu teknikoaren erredakzioaren lizitazioa gauzatu berri du. Azaroan iragarri zuten Udalak eta URAK egitasmoaren berri eta lan horien helburu nagusia eremu horren uholde-arriskua murriztea da, T100etik T500era igaroz. Uraldi bat denboran errepikatzeko probabilitatea neurtzen duen eskala da eta 100 urtean errepikatzeko probabilitatetik, 500 urtean errepikatzeko probabilitatera igaroko litzateke.

Aipatu lizitazioak elementu ezberdinak jasotzen ditu. Alde batetik, Amezketa ibaiaren azterketa hidraulikoa eta bestetik, Franconiko zubiaren proiektua. Azken horretan sartzen da zubi berria egitea eta eremua egokitzea, aurrez aipatu diren hobekuntza horiek guztiak erdietsi ahal izateko.

Proiektuak zubia guztiz eraberritzea aurreikusten du. Egungo zubiak uholde-arriskua murriztea eragozten duten euskarri batzuk ditu ibilguan eta zubi berriak ez ditu izango, urari traba gutxiago eginez. 25 metroko argia izango du eta sarbide arrapala bat izango du eskuineko ertzean. Horrez gain, ertz horretan bertan 200 metroko tarte batean berma bat zulatuko da, hori guztia egungo ibaiertza errespetatuz. Obra horiek inguruaren drainatze gaitasuna hobetu eta uholde-arriskua gutxituko dute.

Egitasmoa Alegiako Udalaren eta URA agentziaren elkarlanari esker jarri da abian eta zubiaren eraberritzea legealdi honetan gauzatzeko konpromisoa berretsi zuten azaroan Regina Sorarrain Alegiako alkateak eta Asier Lopezek, URA agentziako zuzendari orokorrak. Aldi berean, bi erakundeek aldaketa klimatikoak mahai gainean jarri dituen erronkei aurre egiteko eta muturreko fenomeno naturalen aurrean herritarren segurtasuna eta ongizatea bermatzeko elkarlanean jarduteko borondatea erakutsi dute.

Franconi desblokeatzea
Franconiko zubiaren eraberritzearekin eta Udala Gipuzkoako Urakekin batera Larraitz auzoko ekialdean egiten ari den lanekin, egitasmo integral bat gauzatuko da eta horrek inguru horretako uholde-arriskua murriztuko du, urte luzez Franconiko eremuaren inguruan egon den blokeo egoerari balizko irtenbide baterako ate bat zabaltzarekin batera.

Izan ere, zubia eraberritzeak, uholde-arriskua gutxiagotzetik haratago doazen ondorioak izan ditzake. T500 uholde-orbanaren eraginpean egoteak, Franconiko eremuari erabilera eman ahal izatea ahalbidetuko du; orain arte uholde-arriskuak muga asko jartzen zizkion inguru horri baina hemendik aurrera, malgutasun handiagoa izango da. Horrekin batera, zubi berriak irisgarritasuna ere hobetuko du eta horrek erabilera aukera anitzak sortzen ditu, Franconi herriarentzat berreskuratuz.