Berriak

Atzealdea Urriaren 10ean hasiko da Txintxarriak Martxan ekimenaren laugarren denboraldia

Ekainaren 18ra bitartean guztira hogeita hamahiru irteera egingo dira ostegun goizetan

2019·10·03


Urriaren 10ean emango zaio hasiera 2019-2020 ikastaroko Txintxarriak Martxan ekimenari, aurreko ikasturteetan baino bi aste lehenago. Adineko pertsonak ariketa fisikoa egitera bultzatzea eta beraien arteko harremanak sustatzea helburu dituen ekimenak hogeita hamahiru irteera egingo ditu ekainaren 18ra bitartean eta funtzionatzeko modua aurreko ekitaldietakoaren berdina izango da. Hau da, ibilaldiak ostegunetan goizeko 10:30ean abiatuko dira plazatik eta ondoren hamaiketakoa egiteko aukera izango dute parte hartzaileek, herriko taberna ezberdinek eskainita.

Aurreko denboraldietan bezala, adin tarte ezberdineko pertsonek ibilbide ezberdinak egiteko aukera izango dute eta irteera bakoitzean talde eta elkarte ezberdinetako kideen laguntza izango dute parte hartzaileek. Herriko ikastetxeak, Jubilatuen elkartea, Nagusilan eta eliza dira laguntza eskainiko duten elkarte horiek. Ekimena Alegiako Udalak eta osasun zentroak elkarlanean antolatu dute denboraldi honetan ere eta Udalak eskerrak eman nahi dizkie ibilaldietan laguntza eskainiko duten elkarteei.

Orain arte erabiltzaile izan direnei txartel berriak banatuko zaizkie aurten. Horrekin batera, lehen aldiz Txintxarriak Martxanen parte hartu nahi dutenek, urriaren 10ean 10:15erako plazara agertu eta bertan izango dute izena emateko aukera.