Berriak
Atzealdea Urriaren 14an hasiko da Txintxarriak Martxanen denboraldi berria
2021·09·08
Pandemiak eragindako etenaren ostean, bueltan dira Txintxarriak Martxan ekimenaren ibilaldiak. Udalak, osasun zentroak eta beste hainbat eragilek sustaturiko ekimena 2020ko martxoan geratu zen etenda osasun krisialdiaren ondorioz eta iragan ikasturte osoan geldirik izan da. Bada, alde guztiek hala adostuta, adineko pertsonak ariketa fisikoa egitera bultzatzea eta beraien arteko harremanak sustatzea helburutzat dituen proiektuak urriaren 14an emango dio hasiera denboraldi berriari.
Ohiko moduan, ostegunetan 10:30ean izango dira irteerak plazatik abiatuta. Adin eta egoera bakoitzari zuzenduriko ibilbideak egingo dira eta bolondresen laguntza ere izango dute parte hartzaileek. Bizi dugun egoera kontuan izanda, parte hartzaileak taldetan banatuko dira eta horrela egingo dituzte ibilaldiak.
Izena emateko epea zabalik dago jada eta interesatuek urriaren 6a izango dute horretarako azken eguna. Osasun zentroan, Udaleko gizarte zerbitzuen bulegoan edota elizan eman daiteke izena. Bolondres modura aritu nahi dutenek ere epe horretan eman beharko dute izena. Udaletik eskerrak eman nahi zaizkie ekimena gauzatu ahal izateko esku bat bota duten eta botako duten guztiei.
Motorrak berotzeko hitzaldia
Ibilaldiekin hasi aurretik, adineko pertsonei eta beraien laguntzaileei zuzenduriko hitzaldi bat eskainiko da urriaren 6an, osteguna, 10:30ean zinean. “Elikadura osasuntsua” izango da hitzaldiaren izenburua eta bertan COVID-19ari aurre egiteko aholkuak ere emango dira. Ekimenaren bultzatzaileek adinekoei eta laguntzaileei hitzaldian parte hartzeko deia egiten diete eta gogorarazten da, musukoaren erabilera derrigorrezkoa izango dela.